BILBO. Urteko lehen astearen berri ematen duen txostenaren arabera, eraginik handiena izan duen biztanle taldea 0-4 urteko haurrena da, 100.000 biztanleko 138,6 kasu izan baitiran. Sasoiaren hasieratik gripearen ondorioz 292 pertsona ospitaleratu dituzte, haietako 85 larri, eta 14 hil egin dira.
Osasun Sailak eta Osakidetzak giza baliabideak eta baliabide materialak indartzeari eutsi diote, gripe arriskurako planean aurreikusten den bezala. Horrela, gripe kasuen gorakadak eragindako laguntza eskaeraren gehikuntza handiari ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egin nahi diote. Gainera, larrialdi zerbitzuekin koordinatuz, laguntza maila ezberdinen artean egunero gauzatzen den etengabeko koordinazioa ere mantendu da, eta horren buru Osakidetzako Osasun Laguntzakoko Zuzendaritzan kokatutako batzorde zehatz bat dago.
Aldi berean, gripearen berezko sintomak sumatzen dituzten pertsonen kasuan, osasun baliabideen erabilera arduratsua egiteko gomendatu dute, sintomatologiaren arabera, norberaren arazoa artatzeko eta konpontzeko osasun zerbitzu aproposena zein den baloratuz: familia medikua, Arreta Iraunkorreko Puntuak eta, azken kasuan egoera larritzen bada, ospitaletako larrialdi zerbitzuak. Era horretan, arreta jasotzeko beharrezkoak ez diren itxaronaldiak saihestuko dira eta osasun sistema bera bete ez dadin lagunduko da.
Beste behin, Osasun Sailak eta Osakidetzak esker ona adierazi diete euskal osasun zerbitzua osatzen duten langileei, agertu duten profesionaltasun eta ahaleginagatik eta buru-belarri aritzeagatik, bereziki urtero gripeak eragin ohi duen arreta eskari handiko uneotan.