DONOSTIA. Erakusketa osatzen duten lanen egileak Eraikuntzaren Historia eta Egitura Dimentsioen Historia irakasgaietako ikasleak dira, eta Eneko Uranga eta Rafa Zuza irakasleek koordinatuta aritu dira lanean. Irakasgai horien helburua da eraikin ezagunak hobeto ezagutzea, haietan erabilitako materialei, eraikuntza sistemari eta egiturari erreparatuta. Ikasleek ikasturtearen lehen lauhilekoan zehar garatu dute lan hau.
EHUk jakinarazi duenez, erakusketan 28 eraikin daude ikusgai, arkitekturaren historiako garai guztietakoak eta munduko toki guztietakoak. Batzuk nazioartean aitortutako eraikinak dira, eta beste batzuk, aldiz, eraikin tokikoagoak. Horietako asko mugarri izan dira arkitekturaren historian.
Horrela, New Yorkeko Guggenheim museoa, Parisko Panteoia, Crystal Palace eraikina, Eiffel dorrea, euskal baserri tipiko bat, Empire State Building eraikina, Familia Santua, Pompidou Zentroa, Santa María del Mar katedrala, Erromako Koliseoa, Kordobako meskita, Municheko estadioa, Segoviako akueduktua edo Londresko San Pablo katedrala daude ikusgai, besteak beste. Maketak estrukturalak dira, eraikina errazago ulertu ahal izateko, eta bakoitzaren ondoan egindako lana laburbiltzen duen informazio taula bat dago.