Isiltasuna. Ongi ulertzen ez duen lotsaz bustitakoa, biktimaren aldetik; kontzientea, erasotzaileak babestera bideratua, instituzioaren aldetik. Urteetan kapa anitzetako isiltasun honen pean Elizaren baitan gertatu diren sexu erasoen itzala luzea da, luzea eta pisua. Baita Euskal Herrian ere. Itzal horren oina erakutsi dute berriki plazaratu den lan batean hiru kazetari nafarrek: Alberto Barandiaran, Miren Rubio eta Iñigo Astiz. Ez duzu abusatuko izenburu iradokitzailearen pean, Euskal Herriko Elizaren baitan eman diren pederastia kasuen gaia aztertu dute, ez kasu hauen bilketa lan oso bat eginez, erraten duten bezala, baizik eta izeberg erraldoi horren punta seinalatuz, beruna bezain astuna izan den isiltasun horren zergatietan murgilduz, oraindik inork ukitu ez zuen gaia hazkatuz eta agerian utziz.
“Isiltasun horren ardatza azaltzen saiatu gara”, azaltzen du Barandiaranek “nola den posible gurea bezalako gizarte batean, ustez aurreratua dena, horrelako isitasun bat mantendu izana”. Izan ere, Euskal Herrian ez da pederastiari buruz apenas hitz egin, kasu zehatz eta isolatuak azaleratu direnean besterik ez.
Gainera, Juan Kruz Mendizabal Kakux-en kasuarekin gertatu zen moduan, salaketak eman izan direnean Elizak barne prozesua jarri izan du martxan, apaizak leku aldatuz eta prozesu kanonikoei ekinez; eta gutxitan iritsi izan dira epaitegietara. “Euskal Herrian, guk dakigula behintzat, 2005ean egin zen epaiketa bat, eta orain zain daude Leioako Opus Deiko eskola batean eman den kasu bat epaitegietara iristeko”. Bi kasu besterik ez, beraz.
abiapuntua, ‘Spotlight’ 2015ean zinemetara iritsi zen Spotlight filmak piztu zuen Barandiaranengan gai lauso honetan hazkatzeko grina. Filman, Boston Globe egunkariko kazetari talde batek Massachusettsko apaizek egindako adingabeen abusuak aireratu zituenekoa kontatzen da. Bostongo artxidiozesia ezkutatzea saiatu zenez, Erromatar Eliza Katolikoarentzat izugarrizko eskandalua suposatu zuen. Ikusi zuenean, kazetaritza sena pizteaz gain, istorio pertsonal bat ere ekarri zion gogora Barandiarani filmak, belaunaldi oso bat hartu zuen giro ilun baten oroitzapenaren eskutik. “Nire belaunaldiko jende askok konpartitzen genuen sentimendu hori, ezin kontatua, ezin sinistua... Hainbat kasu aztertzen hasi nintzen eta nik bakarrik guztia ezingo nuela egin ikusi nuenean, Iñigori (Astiz) eta Mireni (Rubio) esan eta lanean hasi ginen. Beraiek ere sentibera zeuden gaiarekin”.
Erran eta ekin, Ez duzu abusatuko emaitzatzat izan duen prozesuan 50 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte hiru kazetariek, tartean elizako kideei, Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako apezpikuari. Elizaren jarrera, hala ere, itxia izan dela onartzen du Barandiaranek. “Sexu abusuen kasuen inguruko dokumentazio guztia Elizak dauka, eta oso opakua da kontu horrekin, bai prozesuari berari bai dokumentazioari dagokionez. Epaiketa kanoniko guztiak artxibatuta daude, baina ez dute horren berririk ematen”.
Biktimak izan diren horien testigantzak lortzea ere ez da erraza suertatu, aurreikusiten zuten bezala. Izan ere, adingabeak zirenean jasan zituzten biktimek sexu erasoak, eta urte luzeen isiltasunarekin estali, ondoren. Izendatzen ez den hori existitu ez dela sinestea ihesbide bakarra izan zuten horientzat ez da erraza suertatzen, kazetariak baieztatu bezala, solastatzen hastea. “Kasu batzuetan denbora asko pasatu da sexu erasoa gertatu zenetik, biktimak denbora behar du halako gauza batetaz hitz egiteko. Gertatzen denean ez da gai, eta urte batzuk pasatu direnean, hitz egiteko gai izan arren, lotsa sentitzen du, galderak egiten dizkio bere buruari: Zergatik ni eta ez ondokoa? Zergatik isildu nintzen? Zaila da”.
Hala ere, isolamendu mututik ateratzea lortu duten horien testingantza batzuk biltzea lortu dute Elkarren eskutik argitaratu duten liburuan. Hitz egite horrek, Barandiaranek azaldu bezala, bi norabidetako efektua lortu du: alde batetik, biktimaren baretasun eta lasaitasun sentsazioa, erraietako korapiloa hein batean askatzeagatik; eta bestetik, hitz egiteko kemenik oraindik aurkitu ez dutenen esker ona eta ausardia haizea.
Liburuaren sinopsian erraten den bezala, “kontatu beharreko historiak ziren hauek”. Baina ez dira bakarrak. Izebergaren punta agerian utzi ondoren, Barandiaranen ustez, Elizak eta legediak gainon-tzeko izotz kozkorra desegiteko aurrera pausoak ematea gelditzen da orain.
Egileak. Alberto Barandiaran, Miren Rubio eta Iñigo Astiz.
Argitaletxea. Elkar. Lekuko bilduma.
Laburpena. Hiru kazetari nafarrek, Euskal Herriko Eliza barruan eman diren pederastia kasuen gaiari heldu diote, arazoa testuinguruan jarriz, biktimei ahotsa emanez. Liburuan azaltzen den bezala, “beraiek ezagutarazitako gertaerak dira batzuetan, azkenaldian zabaldutakoak besteetan. Berriki gertatuak nahiz azken bost hamarkadetakoak, urte askotako min isila pasatu ohi baitute abusuen biktimek jasandakoa kontatzera ausartzeko. Kontatu beharreko historiak ziren hauek, isiltasunak, biktimen sufrimendua areagotzeaz gainera, usteldu egiten duelako elizak gizartean nahi lukeen konfiantza; kontatu beharrekoak, baina ez bakarrak, adituak oro bat baitatoz orain arte ezagutarazi diren kasuak ez direla gertatu diren guztien zati txiki bat baizik”.