Erregeen opariak iritsi berriak direlarik hegoaldean, Euskal Herriko lurralde txikienean ihauteriak hasiko dituzte igande honetan Zuberoko maskaraden lehen emanaldiarekin Muskildin. Apirilaren 22a arte, ia igandero herriz herri ibiliko dira Zuberoko dantzariak eta pertsonai ezagunak, hauen artean, Pitxu, Kerestüak Buhameak edota Kabana Handia. Azken honek txio umore-tsuak idazten ditu aurten lehen aldiz.
Oxkaxeko mendi magalean bizi diren hogeita hamar bat gaztek barrikadak egingo dituzte goizean auzoz auzo ibiliz dantzan. Herritarrek harrera beroa egin ohi diete gazteei janari eta edariak eskainiz une atsegina igarotzeko asmoz kantuz eta dantzan. Ondoren, elkarrekin bazkaldu eta, maskaraden ikusgarri nagusia eskainiko dute 15:00 Muskildiko enparantzan. Denera, 14 herri bisitatuko ditu aurtengo maskaradak, eta datozen igandeetan Pagola, Atharratze eta Ainharbe agertuko dira.
Bederatzi hilabeteko prestakun-tzaren ondotik, joan den udan Urxenda ikusgarria eskaini zuten Musikildiko gazteek. Ekimenak maskaradari bultzada eman ziola argi du Xabi Elgart xorrotxak. “Gazteen artean loturak egin dira berriz askok kanpoan ikasi edo lan egiten baitute” dio muskildiarrak. Denak gogotsu daude maskarada presta-tzeko eta elkarrekin eskaintzeko. “Herri batzuetan arazoak egon ohi dira mutilek ere parte har dezaten baina gurean ez dugu horrelakorik izan denek parte hartu izan baitute astero egin dituzten saioetan” Elgartek dioenez. Euskarari dagokionez Zuberoko herri gehienetan bezala Muskildin ere behera egin du ezagutzak eta erabilerak, bereziki gazteen artean. Dena den, maskarada egiteko ez omen dute arazorik izan eta Etxahunen hizkuntza ezagutzen duten gazteen artean banatu dituzte rol nagusiak. “Predikua egiteko ez dugu materialik falta herrietako kontu asko baitago hemen ere. Hori guztia nola adierazi behar den gero, horretan dago gakoa” Xabi Elgarten arabera. Parte hartzaile guztiek lehen aldiz eskainiko dute maskarada 1987 eta 1996an eman baitziren azken maskaradak Muskildin eta orduko dantzari eta aktoreek lekukoa eman baitiete gazteei.
Bailarak bizirik Zuberoak zahar-tzen eta biztanleak galtzen segitzen du. Azken zenbaketaren arabera, bost urtez 260 biztanle galdu ditu herrialdeak. Gaur egun 13.000 lagun pasa bizi dira Basaburua eta Pettarra eskualdeak biltzen dituen lurralde bukolikoan. Dena den, zailtasunak zailtasun, bizitasun handia erakusten dute zuberotarrek. Ezpartingintza eta nekazaritzaz gain aeronautika sailean sartu dira buru belarri hainbat enpresari. Mota guztietako ekimen asko egiten dute urte osoan herrian bizi eta lan egiteko, eta horren oihartzuna zabaltzen du egunero mundo osora Xiberoko Bo-tza eskualdeko euskarazko irratiak.
Neguan maskaradak ospatzen direlarik udan pastoralak, erdi arotik datozen herri antzerkiak nagusitzen dira Zuberoan. Uztailaren 29 eta abuztuaren 5ean, Joanes Bordaxar kantariak idatzi duen Belako zalduna 1709an Maulen jaio zen noble euskaltzale bati buruzko pastorala eskainiko dute Zuberoko hiriburuan. Pertsonai historikoak 600 hitz inguru biltzen dituen euskara-frantsesa hiztegia idatzi zuen. Euskaldunen historiari buruzko liburuan Euskal Herria zazpi lurraldetan zabaltzen dela azpimarratu zuela ohartarazi du Bordaxarrek. Mustrakak urtarrilaren 13an hasiko dituzte eta hemendik hara dena prestatuko dute.
Loraldia Uda oro Zuberoan taularatzen den pastoralaz gain trajeriaz gozatzeko beste eskaintzak ugaritu dira azken aldian. Gero eta pastoral gehiago agertzen da Euskal Herriko lurralde txikienetik kanpo: Gerezien denbora eta Katalina de Erauso Baionan, Carmen Etxalarren, Eneko Haritza Bilbon edo Guillaume Irigoyen kazetariak eta Patxi Iriart bertsolariak idatzi eta ekainak 3 estrenatuko duten duten Hiriburu pastorala.
Zuberoan hamar pastoral idatzi dituen Jean Louis Davant euskaltzainak begi onez ikusten du trajeriaren loraldia. “ Ez dira denak ados baina gauza ona zait” dio. “Andre batzuek hasi zuten berritzea, hau izan zen lehen iraultza!” Itxaro Borda idazleak Gerezien denbora pastoral urbanoa apailatu zuen duela urte batzuk Lapurdiko hiri nagusiko portuaren inguruan. “Ez da zuberotarra nafarra baizik, ez zuen beraz Zuberoa traizionatu” Davant euskaltzainaren arabera. “Gero, Zuberotar andre batek moldatu zuen Katalina de Erauso. Bi pastoral eder izan dira, bi urrats handi” Davant-en esanetan. Higatzeko arriskurik ez dio ikusten pastoralari baina trajeriaren oinarriak errespetatzea eskatzen du eta oroz gainetik ezpiritua: epopeia eta epiko sen hori hiru ateen oinarrizko legeekin. Davant-ek pozik ikusten du Pirineotako pastorala bizirik irautea Biarnoan ere emanaldi batzuekin noizean behin.