munduan gauden euskaldunok Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu gaur. Zorionak guztioi! Zoriontzekoa baita milaka urtetan bere hizkuntzari bizirik eutsi dion herriak euskararen biziraupena ospatzea -inoiz baino indartsuago bere ahuldadean; inoiz baino handiago, bere txikitasunean-.
Munduko beste herrien artean bere tokia bilatzen duen herri txikia osatzen dugu euskaldunok eta gure lengoaia hizkuntza erraldoiez inguratuta bizi den mintzaira txikia da, munduan eta gutariko bakoitzarengan bere tokia bilatzen duena, hiztunez hiztun, funtzioz funtzio.
Euskararen historia esku-soinuaren hauspoaren antzekoa izan da. Hauspoa itxi izan denean euskararen lurraldea txikitu egin da eta bere erabilera arnasa-guneetan gotortu da, biziraupena bermatuz. Aldian behin, aldiz, hauspoa zabaltzerakoan, indarberritu egin da, hedadura hartu du eta hiztun eta lurraldeak berreskuratu ditu. Eta, seguruenik, zabalaldian, inoiz izan duen unerik oparoenean dago oraintxe.
Ni neu ere euskararen hauspoaren modura ibiltzen naiz.
Goizetan, harrotasun puntu batez, puztuta jaikitzen naiz. Euskararen indar-guneak baino ez ditut ikusten: zenbat hiztun irabazi dituen; zenbat jendek uler dezakeen, nahiz eta mintzatu ez; nolako indarrez nagusitu den -gurasoen borondatez- hezkuntza-sisteman; nola euskaldundu eta alfabetatzen dituen pertsona helduak; zenbateraino bizkortzen ari den zerbitzu-hizkuntza bezala; nolako naturaltasunez ageri zaigun egunkari, irrati eta telebistako informazio eta entretenimendu emanaldietan; idazle finen eskutik literaturan lortu duen maila; edo gure bizimodua gertatzen den gune eta aukera guztietan nola doan indartzen eta zabaltzen....
Eta neure buruari esaten diot, kontuz, ezin zaitu gehiegizko optimismoak itsutu!
Gauetan, aldiz, behera etortzen naiz, eta nire etsipen sentimenduari gaina hartu ezinik egoten naiz. Jende askok ikasi du euskara, bai, baina zer gutxi erabiltzen den. Funtzionarioek gainditu behar izan dituzte euskara mailak lanpostu publiko bat lortzeko, ongi, baina zer gutxi erabiltzen duten lanean!. Ai ene! Zenbat kostatzen zaien gure gazteei euskarazko testuak ulertzea eta zeinen gutxi diren gazteon interesa pizteko gaitasuna duten euskarazko edukiak,... Zenbat gabezi ditugun! Eta neure burua astintzen dut ezintasunezko sentimenduetan ez itotzeko.
Bai antzua sentipenen borroka gazi-gozo honetan jardutea!
Beste ikuspegi bat behar dugu. Ongi egindako hainbat gauza ditugu geure alde eta indar-gune horiek bidea erakutsi behar digute sumatzen ditugun hutsune eta zailtasunei aurre egiteko.
Gaur gure beharrizanik handiena erabilerari astindu bat ematea da. Euskara gehiago eta gehiagotan erabiltzea. Gutariko bakoitzak, euskal hiztunen komunitate osoak. Jende askoren konplizitatea behar dugu horretarako: hiztun zaharrona, prozesu hau sinesgarria izan dadin; hiztun berriena, euskaraz gehiago hitz egin dezaten; euskaldun hartzaileena, haien ulermen-gaitasuna baliatzeko; euskal lurraldeetako erakundeen artekoa, hizkuntzaren erabileraren aldeko ekimena euskararen lurralde guztietatik batera hauspotzeko; herri aginte eta eragile euskaltzaleen artekoa, euskararen aldeko jokabideak auzolanean indartzeko; irakasleena, langai dituzten ikasleen gaitasunak bide onean jartzeko; enpresari, kudeatzaile eta langileena, euskara lan mundura eramateko; sortzaileena, eduki interesgarriak eta euskarri guztietarako modukoak sortzeko; kirolari, lider, gizarte-buruzagi eta jende ezagunarena, euskarak haien ezpainetan prestigioa har dezan; eta euskararik ez dakitenena, mehatxu bezala ikus ez gaitzaten eta mugimendu honen partaide senti daitezen, orain arte egin duten bezala. Gizartearen atxikimendua gauza garrantzitsua izan da. Zaindu dezagun.
Gogora dezagun nondik gatozen eta zenbat egin dugun denon artean honaino iristeko. Har dezagun kontuan zenbat falta dugun eta landu ditzagun helburu horiek lortzeko beharko ditugun plangintza, behar eta bitartekoak. Landu ditzagun kontsentsurik zabalenak hori lortzeko eta ekin diezaiogun lanari. Auzolanean eta baikortasunez. Gure esku dago.