BILBO. Horrela, txertaketari buruzko hasierako datuak positiboak izan arren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gogoratu dute gripea urtero errepikatzen den osasun publikoaren arloko arazo nagusietako bat dela eta ondorio larriak izan ditzakeela gizatalde ahulenetan. Hori dela eta, nabarmendu dute garrantzizkoa dela 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdun dauden emakumeek txertoa hartzea, arazoak eta konplikazioak saihesteko.
Iazko datuen arabera, gripearen ondorioz 229 kasu larri ospitaleratu behar izan ziren; haietatik 59 ZIUn sartu zituzten eta %90ek arrisku faktoreak edo 64 urtetik gora zituzten. Azkenik, 31 pertsona hil ziren, eta haietako %47 txertoa hartu gabe zeuden, gripearen aurkako txertaketa kanpainaren helburu ziren arrisku taldeetakoak izan arren.
Hori dela eta, gogoratu dute kanpaina abenduaren 23ra arte luzatuko dela eta arrisku taldeak osasun zentroetara joatera animatu dituzte, txertoa hartzeko. Txertoa urtero hartzen bada, birusa edo gripe mota aldatzen joaten denez, immunitatea areagotu egiten da.
OSASUN KOLEKTIBO ETA INDIBIDUALA
Urtero bezala, aurtengo kanpaina arrisku taldeetako pertsonen osasun indibiduala zaintzera zuzenduta dago, baina biztanleria osoaren osasun kolektiboa zaintzea ere badu helburu. Alde horretatik, gripearen aurrean gure burua babesteko garrantzizkoak eta interesekoak diren higiene neurriei buruzko informazioa duten 36.000 liburuxka banatu dira kaleetan. Neurri horien artean daude erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra estaltzea besaurrearekin, eta eskuak sarri garbitzea urarekin eta xaboiarekin.
Informazio horrekin batera, Osakidetzako osasun baliabideak arduraz erabiltzeko gomendioa ere egiten da, eta adierazten da pertsona bakoitzak baloratu behar duela, bere osasun egoeraren arabera, zein den bere arazoa artatzeko osasun zerbitzurik egokiena, arreta jasotzeko luze itxaron behar izatea eta osasun sistema itotzea saihestuko baita horrela.
Gripearen aurkako aurtengo kanpainarako 400.000 txerto eskuratu dira, baina gehiago ere eskuratuko dira beharrezkoa izanez gero. Osasun Sailak eta Osakidetzak guztira 1.200.000 euroko inbertsioa egin dute.