BILBO. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatzen dituzten Euskal Kazetaritza Sarien 2017ko edizioak baditu irabazleak: Ane Irazabal, Gervasio Sanchez, Mariano Ferrer, Iñaki Iriarte, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Mikel Iturralde. BBKren, Euskaltelen eta Bilboko Udalaren babesarekin eta LOGI Express taldearen laguntzarekin antolatzen dira sariak. Euskal Autonomia Erkidekogo (EAE) hainbat komunikabideetako ordezkariek osatutako epaimahai batek aukeratu ditu irabazleak.
Horrela, sarien antolakuntzak jakinarazi duenez, Ane Irazabalek Euskal Kazetariak ataleko saria irabazi du, "guda eta gatazka guneetan egindako sekulako lanagatik", eta Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Gervasio Sanchezi egokitu zaio, "gatazka armatuetan egindako lanagatik, bere giza sentikortasunagatik eta gudaren laztura salatzeagatik".
Ibilbide Profesionala saria, Mariano Ferrerrentzat eta Iñaki Iriarterentzat izango da, "Egin" eta "Deia" egunkarien sorreraren 40. urteurrenagatik, biak izan baitziren egunkariotako lehen zuzendariak, hurrenez hurren.
Pertsonaia edo Giza Instituzioa saria Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiarentzat da, antolakuntzak "komunikabideekin duen harremanagatik eta komunikazio on batekin euskal kulturaren zati bat berreskuratzeagatik". Azkenik, Kazetaritza Digitala saria Mikel Iturralderentzat izango da, "Treneando" blogagatik. Euskal Kazetaritza Sariak 2017 azaroaren 20an banatuko dira, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko BBK Aretoan, eta ekitaldian Antton Olariaga omenduko dute, "Zakilixut" pertsonaiaren jaiotzaren 40. urteurrenagatik.