BILBO. Hala ere, Osakidetzak argitu du kasu berriak ez duela zerikusirik ospitale berean duela hilabete eta erdi beste profesional batengan eragina izan zuen aurreko gertaerarekin.

Osakidetzaren zainketa aktiboari eta kontaktuen azterkeei esker, paziente berria aurkitu da eta dagoeneko tratatzen ari da egoera horietarako ezarritako jarduketa protokoloei jarraituz. Zainketaren hobekuntzak ez du aditzera eman 2017an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) tuberkulosi tasen igoera erreala egon denik. Izan ere, urteko zifrek behera egiten jarraitzen dute eta gaixotasunaren prebalentzia oso txikia da. Dena den, horrek ez du esan nahi errotik ezabatu denik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean lan egiten duen profesional baten kasu berria hauteman ondoren, Osakidetzak abian jarri du EAEko Tuberkulosi Programan ezarritako jarduketa protokoloa, eta egiaztatu du ez dagoela inolako loturarik ospitale berean antzemandako bi kasuen artean.

Datozen egunetan dei egingo zaie pazienteei eta osasun profesionalei jarduketa protokoloan jasotako probetan parte har dezaten. Horrela, Prebentzio Zerbitzuak dei egin dio astelehen honetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun eta Osasun Batzordeari, ospitaleko langile guztiei behar den informazio guztia emateko. Gainera, eraginpean egon ahal izan diren langileei bidezko neurriak azalduko zaizkie.

Osasun Sailak gogoratu du tuberkulosiaren gaixotasuna ez dela errotik ezabatu -Bizkaian, urtean 170 bat kasu erregistratzen dira-. Halere, gaur egun, tratamendu egokiarekin sendatu egiten da. Aire bidetik kutsatzen da, eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, hura transmititu ahal izateko, bizikidetasun estua eta luzarokoa behar da. Tuberkulosiaren baziloa oso sentikorra da kanpoko baldintzekiko. Beraz, ez da beharrezkoa inolako jardunik osasun etxeko instalazioen gainean, eta ospitaleak erabateko normaltasunez jarrai dezake jardunean.

Horren haritik, biztanleei lasaitasun mezua helarazi die, abian direlako beharrezko prebentzio neurri guztiak. Bestalde, eskertu egin du datozen asteotan paziente eta profesionalengandik beharko den lankidetza. Osasun Sailak eta Osakidetzak unean-unean emango dute egoera honen bilakaeraren berri, neurri gehiago hartu behar izanez gero.