DONOSTIA. Kontxa pasealekuaren azpiko espazioan kokatua, La Rotonda diskoteka egon zen lekuan, Eguzkiteka Donostia Kulturaren liburutegi sareko zerbitzua da, baina hainbat ezaugarri bereizi ditu irekiera ordutegia eta zerbitzuei dagokionez.

Zerbitzu honen arduradunek "balorazio oso ona" egin dute, bai bertara hurbildu diren erabiltzaileen aldetik, baita liburuak hondartzara eraman dituzten irakurleen aldetik ere. Eskerrak eman dizkie erabiltzaileei, azaldu duten "begirunea eta portaeragatik".

Bertaratutakoen heren bat kanpotarra izan da, gehienak turistak edo Donostiara egun pasa etorri den jendea. Beste multzo txikiago bat, Gipuzkoako herrietatik etorritakoek osatzen dute; eta gehiengoa donostiarrak izan dira. Adinari dagokionez, haurrak eta helduak pareko agertzen dira. Ipuinaren orduaren saioak arrakasta handia izaten ari dira haurren eta familien artean.

Eguzkiteka egunero dago zabalik, astelehenetik igandera, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:30era. Arratsaldero 17:00etan Lur Kortaren haurrentzako ipuin kontaketa saioa izaten da. Publiko mota guztiei zuzendua dago, egunkariak eta aldizkariak bertan irakurtzen egoteko aukeraz gain, hondartzara maileguan eramateko aukera eskaintzen da, nahiz eta bazkide txartelik ez eduki.

Eguzkitekarekin batera Donostia Kulturak badu beste udako liburutegi bat, Urgull mendiko Damen Baterian. Bi liburutegi hauek, Eguzkiteka eta Urgull mendiko liburutegia, abuztuaren 31ra arte egongo dira zabalik