BILBO. Halaber, inkestak erakusten du euskal hiztunaren profila gaztetu egin dela. Inkestak hartzen duen adin talderik gazteenak (16-24 urte) du euskaldun ehunekorik altuena (biztanleen %55,4), eta orain 25 urte euskaldunena zenak (65 urtetik gorakoena) du gaur egun euskara gaitasunik apalena (%20,4 da euskal hiztuna).

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoko datuak orain dela hilabete batzuk jakinarazi ostean, asteazken honetan Iparraldeko datu bereiziak ere ezagutarazi dira. Horren ostean, euskararen eremu osoa hartzen dutenak azaldu dituzte. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuko zuzendari nagusiak eta Mathieu Berge Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak ezagutarazi dituzte datuak.

Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoa eta lau ikerketa eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan) eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. Aditzera eman diren datuak 2016koak dira eta, lehen Inkesta Soziolinguistikoa 1991koa denez, 25 urteko bidea aztertzeko aukera eman du.

Horrela, Inkesta Soziolinguistikoak 16 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartzen du kontuan, eta adin horren azpikoak inkestatik kanpo geratzen dira (kontuan hartuko balira, adin talderik euskadulnena izango litzateke). Inkestak "aniztasun handia" islatzen du, "heterogeneotasun handia" baitago euskararen eremu osoan. Hortaz, lurraldeen edota adinen arabera, dinamikak aldatu egiten dira, "baina inkestaren emaitzek euskararen berreskuratze prozesua islatzen dute argi eta garbi".

Ezagutzari dagokienez, datuek "25 urteko bilakaera positiboa" islatzen dute. Euskal hiztunen kopurua 1991ko %22,3tik 2016ko %28,4ra igaro da, 223.000 hiztun horiek irabaziz. Horri gehitu behar zaio euskararen eremu osoko biztanleen %16,4 euskaldun hartzailea dela (beti ere 16 urtetik gorakoak). Eremuka, EAEn izan da hazkunderik nabarmenena: 16 urte edo gehiagoko biztanleen %33,9 euskal hiztuna da (beste % 19,1 euskaldun hartzailea), duela 25 urte baino %9,8 gehiago.

ADINA

Adinaren arabera, neurtzen den adin talderik gazteena da euskaldunena: 16-24 urteko gazteen %55,4 euskalduna da euskararen eremu osoan, talderik euskaldunena diferentzia handiz (25-34 adin taldean %39,7 da euskaraz hitz egiteko gai). Orain dela 25 urte adin talderik euskaldunena zena, 65 urtetik gorakoena (%28,5), gaur egun euskararen ezagutza apalena duena da, 65 urtetik gorako biztanleen %20,4 baita euskaldun). Iparraldean apalagoa da joera hau.

Aurkezpenean azaldu dutenez, adinari loturiko datuek erakusten dute euskararen biziberritze prozesuak "euskal hiztunen profilaren aldaketa" ekarri duela. Horrela, euskararen hazkundea gazteenetatik ari da zabaltzen, eta gaur egungo euskal hiztun askok hezkuntzaren bidez edo euskaltegien bidez jaso dute euskara. Hortaz, euskal elebidunen, elebidun orekatuen eta erdal elebidunen pisu erlatiboa aldatu egin da.

Gaur egun, 16 urtetik gorakoen %26 euskal elebiduna da, %29,5 elebidun orekatua eta %44,5 erdal elebiduna. 1991an euskaraz hitz egiteko gai zirenen %34,6 zen euskal elebiduna, %27,7 elebidun orekatua eta %37,8 erdal elebidunak.

ERABILERA

Euskararen erabilera ere igo egin da azken 25 urtean, "era nabarmenean gainera". Horrela, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, biztanleen %25,7k hitz egiten du euskaraz neurri batean edo bestean (%10,3k euskaraz erdaraz baino gehiago, %6,2k euskaraz erdaraz beste, eta %9,2k euskaraz erdaraz baino gutxiago). Horri gehitu behar zaio beste %5,2, euskara "oso gutxi" erabiltzen duenarena.

Halaber, euskararen erabilera trinkoa ere igo egin da (euskaraz erdaraz baino gehiago edo euskaraz erdaraz beste). 1991an, %13,7k egiten zuen euskararen erabilera trinkoa euskararen eremu osoan, eta gaur egun %16,5ek egiten du euskararen erabilera trinkoa. Euskararen eremu osoan euskararen erabilera trinkoak izan duen hazkundea EAEko hazkundeagatik izan da neurri handi batean, EAEn %5 puntuko igoera izan baitu.

Inkestaren arabera, neurturiko adin talderik gazteena da euskara era trinkoa gehien erabiltzen duena: 16-24ko gazteen %20,1ek erabiltzen du euskara erdara beste edo gehiago (orain 25 urte %11,1 zen).

TRANSMISIOA

Bestalde, euskararen transmisiori dagokienez, 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien hizkuntzaren portaera nolakoa den jakiteko, inkestatuei galdetu zaie zein hizkuntza transmititu dieten seme-alabei. Transmisio hori aztertzeko, gurasoen hizkuntza gaitasuna eta lehen hizkuntza izan dira kontuan.

Gurasoak biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben %93k euskara soilik transmititu du etxean eta %7k euskara eta erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, %83k euskara eta erdara transmititu ditu eta %17k erdara.

Halaber, euskararen eremu osoko 16 urte edo gehiagoko biztanleen %55,8 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, %28,2 ez alde ez aurka eta %16 aurka. Horrela, euskara sustatzearen aldeko jarrerak gora egin du azken 25 urteetan. 1991ko eta 2016ko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen portzentajeak %8 puntuko igoera izan du, %47,5etik %55,8ra.

Azkenik, euskararen eremu osoko 16 urte edo gehiagoko biztanleen %85,8k uste du euskaraz eta erdaraz hitz egin beharko litzatekeela etorkizunean. Gainera, %9,2k uste du euskaraz soilik egin beharko litzatekeela eta %4,1ek gaztelaniaz/frantsesez soilik. Irakaskuntzari dagokionez, euskararen eremu osoko biztanleen %57,6k D eredua nahiko luke seme-alabentzat (dena euskaraz, gaztelania/frantsesa ikasgai gisa), eta %23,7k B eredua (euskaraz eta gaztelaniaz/frantsesez).