baiona - Maiatzak 14 besta eta aldarrikapena uztartuko ditu Senpereko antziran ospatuko den Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaiak. Aurtengo irabaziekin Baiona iparrean eraikitzen ari den ikastetxe berriaren parte bat ordainduko dute, bertan hamar milioi euroren inbertsioa egiten ari direlako euskaltzaleak.
Bernat Etxepare ikastetxearen eraikin berrian bigarren hezkun- tza, euskarazko lanbide heziketaren lehen gunea eta barnetegia aterpetuko dituzte. Lanbide heziketaren eskumena duenez Akitaniako gobernuak laguntza emango dio proiektuari eta jadanik zazpi milioi euro pasa jarri ditu mahai gainean. Bestalde, eraikinaren barruan beharko diren altzari, material eta tresna guztiak ere erosi beharko dituztela azpimarratu du Maialen Etxemendi Herri Urrats elkartearen buruak.
Gastu horiek estaltzeko sagarrondoak saltzen dituzte egunotan Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek. Atzo Baionan egin zuten aurkezpenean antolatzaileek adierazi zuten maia-tzaren bigarren iganderako gustu guztientzako egitarau oparoa prestatu dutela (H)aizu lelopean.
Aurtengo abestia Amets Arzallus bertsolariak asmatu eta Ken Zazpi taldeak musikatu du. Santa Grazin sortu, Eskiulan bizi eta duela gutxi Zuberoan bertan zendu den amona euskaldun elebakarraren istorioa jakinarazi nahi izan du Arzallusek. Euskaldun osoek jasandako irain eta gaitzespena salatzea erabaki du hendaiarrak. Bere hitzak musikatu dituen talde ezaguna Senperen ariko da maiatzak 14 eta bere ondoan egongo dira ere Huntza, Otxalde, Zea Mays, Xabaltx edota Anje Duhalde. Urtero legez, bertsolariak, kirolariak, dantzariak, joaldunak eta umeen-tzako jolasak izango dira Ortzango errekan. Okzitaniako doinuak Euskal Herrira ekarriko ditu DJ Baleti Tolosako taldeak.
Aro berria Hur Gorostiaga Seaskaren zuzendariaren arabera euskalgintza aro berri batean sartuko da duela gutxi elkargoa sortu baitzen Ipar Euskal Herrian eta bere presidentea Jean René Etchegaray Senperen egongo baita. Bestalde, datozen egunetan presidente eta gobernu berria izango dira Frantziako estatuan eta orain arte bete ez diren hi-tzak betearazteko mintzakide berriak agertuko direla ohartarazi du Gorostiagak. Euskararen aldeko lege babesa, murgiltze eredu bakarraren aitortza eta lege zaharkituen eguneratzea beharrezkoak jotzen ditu Seaskak oztopoak besterik ez daudelako euskara berreskuratzeko.
Dena den, zailtasunak zailtasun euskararen aldeko uhina gero eta handiagoa da herritarren lanari esker Paxkal Indo Seaskaren presidentearen arabera. Elkargo berriaren bigarren bileran euskararen aldeko diru laguntzak bozkatu izana euskalgintzaren lorpen gisa ikusten du Indok.
Iparraldeko lehen ikastola 1969an sortu zen Arrangoitzen eta gaur egun 3.700 ikasle pasa biltzen dituzten 35 ikastetxe daude Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan. Urtero 200 ume gehiago hartzen dituzte Seaskaren ikastoletan. Azken hamar urteetan hamabi ikastola berri ireki ondoren, laster laugarren institutua eta ikastegi gehiago sortuko dituzte Bokale, Arbona-Ahetze aldean eta Ainhoan.
Euskaltzaleek argi dute proiektuak ez direla falta, ikastolek garatzen eta handitzen segituko dutela; eta dena posible izango dela milaka adiskideen laguntzari esker. Gaur egun, 300.000 lagun bizi dira Iparraldean eta horietatik %20 inguruk menperatzen dute euskara. Ikasgela publiko eta pribatu askok ere euskara irakasten dutenez lehen hezkuntzan umeen %44 murgiltze edo sare elebidunetan dabiltza.