iruñea - Iruñea euskararen besta erraldoi batean bilakatu zen atzo. AEK-ko antolatzaileek Korrikaren amaiera Iruñean amaitzea “sekulako pizgarria” zela erran zuten egun batzuk lehenago, “Iruñean nahiz Nafarroan eman den aldaketa instituzionalak urte beltzen aroaren amaiera ekarri duelako”, eta sentimendu horren neurrikoa izan zen atzoko ospakizuna. Beltzunerik ez, eta lasterketaren historian mugarri bilakatuko diren une aunitz utzi zituen besta egunak.

Goizeko 10.15ak aldean sartu zen lasterketa Iruñeko Zabalgunetik eta, orduko, Alde Zaharra Korrikaren petoa jantzita zeukan jendez gainezka zegoen. Udaletxeko plaza izan zen bilgune nagusi tarte horretan, izan ere, bertan eman zen goizeko une gogoangarrienetako bat: Iruñeko alkateak, Joseba Asironek, lekukoa hartu zuen. Korrikaren historian nafar hiriburuko agintari nagusia Korrikaren buruan jartzen zen lehenengo aldia zen. Jendearen oihu eta txalo artean, Asironek besoa altxatuta eta lekukoa ongi erakutsiz ekin zion lasterketari jendez gainezka zeuden kaleetan barrena.

Han eta hemen, iruindar zein kanpotik etorritako euskaltzale andanak euren babesa erakutsi zioten Korrikari, lasterka edo kale bazterretan korrikalariak txalotuz eta, batez ere, bestan parte hartuz.

11.30etarako, Sarasateko plaza betetzen hasia zen. Pantaila erraldoiean, bertan zeudenek lasterketaren nondik-norakoa jarraitzeko aukera izan zuten, Zirkorrika abestiak noiznahi giroa alaitzen zuelarik. Reyes Ilintxetak, aurkezle lanetan, plazaren erdigunean lekua uzteko eskatu behar izan zuen bozgorailutik, lasterketari lekua egite aldera, hau burutzeko minutu eskas batzuk besterik gelditzen ez zirenean. Izan ere, ordurako lepo bete zen bai plaza bai errepidea ere. Ordulariari fin iritsi zen lekukoa Foruen Monumentuaren aldamenera, dudarik gabe egunaren unerik zirraragarriena izan zena.

Joseba Sarrionandiaren mezua eta Julio Sotoren bertsoa oraindik gogoan, plazan bildutako euskaltzale guztiak Alde Zaharrean barrena hedatu ziren ekitaldi nagusia akabatu zenean. Aperitiboaren eta bazkariaren orduak nahasi egin ziren euskaltzalez lepo zeuden Alde Zaharreko kaleetan. Txaranga, txitulari eta kaleko musikari eta artisten musika eta ikuskizunak han eta hemen, Iruñeko bihotza kolorez betetako bestan bilakatu zen, kaleko giroak sanferminetak gogora ekartzen zuelarik.

13.30ean, joaldunen topaketak joaren soinuz bete zuen Udaletxeko plaza. Aldi berean, Labrit pilotalekuan bertso bazkaria ospatu zen Miren Lizaso eta Alaia Martin bertsolariekin. Baratxurien plaza eta Aduanako txokoa familia eta haurren gune nagusia izan zen. Eguerdi partean diru-truke postuak eta barrak ia ez ziren iristen bertan bildu zen jende guztia asetzera. Egun osoan irekita egon ziren ostatu eta elkarteetan ere larri ibili ziren bazkaltzerako orduan.

Takonerako gunean musika izan zen protagonista, gazteenen bilgune gehienbat, nahiz eta adin guztietako lagunak ere baziren. Arratsalde partean jende pilaketa zertxobait baretu bazen ere, besta giroa arratsaldeko azken orduetaraino luzatu zen Iruñean. Atzokoan, dudarik gabe, euskaraz normaltasunen bizitzeko aldarriak inoiz baino biziago dirauela erakutsi zuten nafar hiriburuan bildu zen euskaldunen uholdeak.