DONOSTIA. Aplikazio berria "segurua, praktikoa, sinplea, erabiltzen erraza eta, batez ere, eraginkorra" da, eta segituan jasotzen du kontsultan ematen den tratamendu medikoaren orria, sakelako telefonotik eskuratu eta erabiltzeko aukera emanez.

Osakidetzak jakinarazi duenez, "Nire Tratamendua" tratamendu orria eta pilula kaxa fisikoak osatzera dator -ez ditu ordezkatzen-, eta pazienteei tratamendu medikoaren jarraipen egokia egiten laguntzen dienez, osasun onuren mesederako izatearekin batera, pertsonen bizi kalitate hobea ere ekarriko du.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak joan den astelehenean aurkeztu zuenetik, aplikazioak "jakin min handia" sorrarazi du, eta horren froga da Araban 3.500 pertsonak baino gehiagok instalatu dutela dagoeneko aplikazioa eta erabiltzen ari direla. Horietatik, erabilera mailarik handiena 65 urtetik gorako pertsonen artean ikusi da.

Aplikazioa Osakidetzaren webgunean dago eskuragarri, eta abantaila hauek ditu: tratamendu aktibo guztiak adierazten ditu (tratamendu kronikoak, akutuak eta eskariaren araberakoak); etengabe eguneratutako informazioa dauka; medikazioa noiz, nola eta zer dositan hartu behar den adierazten du; farmazian emandako azken botika zein den ezagutu daiteke; medikazioa berrikusi, amaitu eta jasotzeko datak jakitera ematen ditu; preskribatu den trataerari buruz medikuak emandako jarraibideak jaso daitezke.

BIZI KALITATEA HOBETU

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan, aplikazioak "pertsonen osasuna eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen du, eta gainera, gure ardurapean dauden pertsonen tratamenduari jarraipena egin diezaiokegu".

"Nire tratamendua" Osakidetzaren Informatika eta Informazio Sistemen Zuzendaritzaordeak sortu eta garatu duen tresna bat da, eta 16 urtetik gorako 1.120.000 pertsona baino gehiagori eman diezaieke zerbitzua, hau da, euskal osasun zerbitzuan tratamendu aktiboak dituztenei. Tratamenduaren informazio pertsonal eta zehatza eskuratzeko ezinbestekoa da osasun zentroan erraz eska daitekeen "Barku Jokoa" edukitzea.

Osasun arretako zerbitzu publiko batean ezaugarri horiek dituen bakarra izanik, Osakidetzan egindako preskripzioak bakarrik jasotzen ditu, eta Gipuzkoan astelehen honetan martxan jarri eta gero, Bizkaian hurrengo astelehenetik aurrera egongo da eskuragarri. Hartara, aplikazioa Euskadi osoan hedatzeko prozesua amaituko da.