Atzera begiratu gabe. Horixe da 2015-2016 ikasturteko 6. mailako ikasleek kanta honi jarritako izenburua. Musika saioan Mikel eta Naroa irakasleek proposatutako proiektu baten emaitza da. Bertan, Mikelek aurretik sortutako doinu bati hitzak jarri behar zizkieten. Hori bai, ez zen edozein gauzari buruzko abestia izanen, gai jakin baten ingurukoa baizik. Gaia, eurek gurekin buka-tzen ari zuten ibilbidean bizitzen ari zituzten sentimendu eta emozioak kontatzea zen, bizitakoa, zetorkiena...
Sortze bide horretan, musika editatzeko Audacity programa ezagutzeko aukera izan zuten, abesti bat pista ezberdinetan nola grabatzen den ikasteko eta nahi izanez gero, egunen batean euren etxeetan egin ahal izateko. Konturatu ziren toki askotan aurki di-tzakegun mikrofonodun aurikular merke batzuen laguntzaz, edonor abesti bat sortzeko eta graba-tzeko gai dela etxeko ordenagailuan. Talde lanaren bidez, gauzak partekatzen, eztabaidatzen eta adosten edozein helburu gauza-tzea errazagoa dela ikasi zuten ere.
Proiektua indarra hartzen joan zen eta azkenean musikari bikain batzuen laguntzaz, benetako grabazio estudio batera joateko prest zirela konturatu ziren. Horren “errudun” ikastetxeko bi aita izan ziren, Iñaki Ibor (Zopilotes Txirriaoseko kidea) eta Txus Maraví (El Drogasekoa). Iñakik tronpeta konponketak egin zizkion abestiari eta gainera grabaketan ezinbestekoak izan ziren beste bi Zopilote ekarri zituen berarekin, Beñat López baterian eta Julen Leuza tronboian eta baxuan (Axular Ikastolako eta Eunate BHIko ikasle ohiak, hurrenez hurren). Txusek bestalde, abestiari azkeneko ukitu ezin hobea eman zion bere gitarra bakarlariarekin. Hori da hori musikari hauen gustua eta laguntzeko prestutasuna. Hortxe duzue ba, Atzera begiratu gabe: https://youtu.be /darMj_MnHdM.
Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu duzuen guztiei! Mundialak zarete!