bergara - Zaku lasterketa, eskalada, binaka oinak egur zati bati lotuta egin beharreko zirkuitua, begiak itxita eskorga batean laguna eramatea, aldapa irristakor batetik gora igotzea... Horiek guztiak egin behar izan zituzten atzo Gipuzkoako 20 ikastoletan osatutako taldeek Kilometroetako Erronkan. Eta guztien artean, Oiartzungo Haurtzarokoak izan ziren garaikurra lortu zutenak.
Arratsaldean jokatutako finala Tolosako Laskoraingoei irabazi zieten (Ordiziako Jakintza izan zen hirugarrena). Hori baino lehen, dena den, lana gogor egin behar izan zuten denek. Goizeko 11.00etan izan ziren lehen probak eta 13.00etan bigarrenak, zirkuituko lau gunetan.
Entrenatu gabe joanda ere, irabazteko “intentzioarekin eta esperan- tzarekin” joan ziren Tolosako Laskorain ikastolakoak, eta ia-ia lortu zuten helburua. Gehienak neskak ziren eta Kilometroetara joateko beste arrazoi bat izan zen Erronkan parte hartzea. “Lehenengo probak ditugu baina gero kontzertuetara joateko denbora ere bai”, komentatu zuten Maialenek, Anek, Lurrek eta Leirek.
Andoaingo taldearentzat atzokoa lehenengo saioa izan zen Erronkan eta gogotsu zeuden. Ikastolan parte-hartzaileak bilatzen hasi zirenean askok eman zuten izena eta zozketaz aukeratu behar izan zituzten azkenean. Saiatu ziren, baina ez zuten lortu finalera iristea.
Duela urte batzuk asmatu zuten Erronka, gazteei festa giroaz aparte beste alternatiba bat eskaintzeko, eta proiektua arrakastatsua izan dela esan daiteke: probetan parte hartzen duten DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleez gain, ehunka gazte bildu ziren atzo Erronka ikusi eta lagunak animatzeko. “Beste behin argi geratu da oso asmakizun ona dela, gazte eta nerabeei aterabide erakargarriak eskaintzeko”, nabarmendu zuten antolatzaileek. -A. Zabaleta