Aranzadi ikastolaren 45. urteurrenarekin batera dator aurtengo Kilometroak. Gaur egun 720 ikasle ditu eta bertan 62 profesional dabiltza lanean. Beti ere ikasleei hezkuntza onena eskaintzeko helburuarekin eta euskararen alde egiten duen apustua erakusteko, duela 25 urte murgildu zen, hain zuzen, Kilometroak ekimenaren antolakuntzan. Urte hartan Igo tipi-tapa euskararen aldapa lelopean egin zuen. Orduan ikastolek familia erdaldun asko hartzen zuten bere baitan, eta hori dela eta, helburu nagusia euskalduntasuna eta euskara bera izan ziren. 2007an, berriz ere, Aranzadik testigua hartu eta bigarren aldiz Bergarara eraman zuen ekitaldia Argi daukagu leloarekin. Ordurako bai gizarte eredua eta baita jaiaren eredua ere aldatuta zegoen, hortaz, urte hartako helburua soziala izan zen: herrian ikastolaren presentzia handitzea eta ikastolen balioak gizarteratzea. Bihar bertan ospatuko den jai honetarako jada dena prest dago. Hala ere, koordinatzaileek azpimarratu dute Kilometroak ez dela egun bateko jaia, urte osokoa baizik; izan ere, urtean zehar hainbat ekitaldi ikusi ahal izan dira herrian, denetarikoak: kultura arloan, kirolean? Azken ekitaldia pasa den larunbatean izan zen Garden ikuskizunarekin.

Baloreak bermatu Ekitaldi horrekin zein gainerako jarduerekin, Aranzadi ikastolak hainbat balore bermatzea du helburu. Bergarako ikastola aniztasunak ezaugarritzen du; adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza? anitz ditu eta erronka nagusia gaitasun horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea izan da, Kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan. Ane Barruso Aranzadi ikastolako zuzendariaren hitzetan, “izan dadila berdintasunean, errespetuan, demokrazian eta kooperazioan oinarritutako jaia”.

Gipuzkoan eraikin interesgarri gehien duen herrietako bat da Bergara; hori dela eta, 2003. urtean, herriko alde zaharra Monumentu-multzo izendapena jaso zuen Kultura Ministerioaren eskutik. Horietako batzuk ibilbidean barrena aurkitu ez arren, oso gertu geratzen dira. Gomendagarria da bisitatzea, esaterako, Santa Marina parrokia edota Ozaeta jauregia. Udaletxe barrokoa eta arkupeduna ere ikusgarria da eta Agarreko garaia ezagutzeak ere merezi du, Gipuzkoako egurrezko garai bakarra baita. Usondo eta Arrizuriagako parke urbanoak bisitatzea ere gomenda-tzen da. Ezinbesteko bisita horiez gain, beste zenbait jarduera eskaintzen dira zirkuituan zehar, dibertigarriak zein entretenigarriak. Trialsina, Erronka ekimenaren probak, Irrien laguna emanaldia, ipuin kontaketak, magia saioak, eta nola ez, kontzertu ugari: Doctor Deseo, Anje Duhalde, Sorkun, Autobus magikoa, etab. Adin guztietako pertsonek goza-tzeko moduko festa izango da biharkoa eta eguna amaitutakoan ziur gipuzkoar guztien ahotan izango dela Kilometroak 2016 demasa izan da!.