BILBO. Aurtengo leloa "Anitza" izango da, udako ikastaroen gai, formatu, toki eta pertsonen aberastasuna azpimarratzeko asmoz. Gizartean pil-pilean dauden gaiak eta Iruñeko ikastaroen data eta leku aldaketak dira berrikuntza nagusiak. Dagoeneko matrikula egiteko aukera zabalik dago www.ueu.eus webgunean, eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da.

UEUk asteazken honetan aurkeztu ditu 44. Udako Ikastaroak. Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Mikel Haranburu Eusko Kultur Fundazioko kideak hartu dute parte aurkezpenean.

Zehazki, Irati Iciarrek azaldu duenez, 23 ikastaro eta zazpi jardunaldi antolatu ditu aurten UEUk. Azken urteetan 40 ikastaro antolatu izan ditu, baina aurten "eskaintza trinkotu eta optimizatzea" erabaki du. Horrela, 100 ikastaro proposamen jaso ditu eta "aukeraketa egitea zaila" izan da, "jasotako ideiak oso onak izan direlako".

Egoitzei dagokienez, Iruñean sei ikastaro eta jardunaldi bat egingo dira (ekainaren 27, 28 eta 29); Eibarren 11 ikastaro eta lau jardunaldi (ekainaren 30 eta uztailaren 1, eta uztailaren 11tik 15era); Baionan lau ikastaro eta Bidarten jardunaldi bat (uztailaren 6, 7 eta 8); Donostian jardunaldi bat; eta Bilbo eta Zumaian ikastaro bana.

Aurten lau formatu desberdineko ikastaroak daude: Ikastaro espezializatuak, egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezko dutenak; Dibulgazioko ikastaroak, interes orokorrekoak eta jakintza maila zehatzik behar ez dutenak; Garapen pertsonaleko ikastaroak, pertsona moduan garatzeko balio dutenak; eta Jardunaldiak.

"ANITZA"

Iñaki Alegriak adierazi du "Anitza" dela aurtengo Udako Ikastaroen leloa, "anitzak direlako UEUn lantzen diren gaiak eta biltzen diren pertsonak, anitzak eskaintzen ditugun formatuak eta tokiak, anitzak bertatik jasotzen ditugun jakintzak eta harremanak".

Aurtengo berrikuntza handiena Iruñean dagoela nabarmendu du Alegriak, egoitza hori sendotzeko asmoz, Iruñeko ikastaroen data aurreratu egin baita ekaineko azken astera (lehen uztailaren erdialdean egiten ziren).

Bestalde, UEUren eta Udako Ikastaroen zabalkundea egiteko, ekainean zehar Gasteiz eta Bilbon eta uztailean Iruñean hitzaldi zikloa antolatu dute.

Oraindik guztiak ez dira lotu, eta aurrerago jakinaraziko dira. UEUren jardueratik eratorritako hitzaldiak izango dira, "dakiguna erakusteko asmoz, UEUren argitalpen, batzorde, sail eta ikastaroetan parte hartzen duten ikerle eta profesionalek emandakoak, alegia".

EUGENIO ARRAIZA

Ildo honetan, Mikel Haranburu Eusko Kultur Fundazioko kideak UEUrekin batera antolatu duten "40 urtez euskal kulturan: Eugenio Arraiza gogoan (mahai ingurua)" jardunaldiaren argibideak eman ditu. Iruñean izango da, Kondestablearen jauregian, ekainaren 27an.

Eugenio Arraiza UEUkide eta kultur bultzatzailea joan den urtean hil zela eta, haren bizitzako muin izan den euskal kulturaren azken 40 urteko bilakaera aztertu nahi dutela azaldu du Haranburuk. "Horretarako, Eugeniok berak buru belarri jardun zuen eta arrakastatsuak suertatu diren alorrei erreparatuko zaie: Historia (geure historiaren berreskurapena), Komunikabideak (geure arteko harremanak), eta Bertsolaritza (geure kultur sormena)", adierazi du.

Gainera, parte hartzaileek euskal kulturaren bilakaeraren inguruan arreta jar dezaketen bestelako gai, alderdi edo gorabehera (sozialak, politikoak) ekartzeko aukera izango dute.