iruñea - Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ekainaren 4rako manifestaldi deialdia egin zuen astelehenean, preseski Nafarroako aldaketa politikoa euskaratik egitea aldarrikatzeko Anaitasunan antolatu zen ekitaldi jendetsuaren lehenengo urteurrena bete zen egunean.

Nafarroako Gobernuari euskararen normalizaziorako bideari heustea eskatzea da ekaineko manifestaldiaren helburua, agerraldian bildutako hainbat eragilek argitu bezala. “Urtebete honetan, gauzak aldatu dira, bai noski, euskararen normalizazioaren bidean urratsak eman dira, arlo desberdinetan”, argitu zuten, baina “oraindik ere urrats handiak geratzen zaizkigula egiteko eta pauso horiek elkarrekin egin behar ditugulakoan” daudela nabarmendu zuten aldi berean. “Euskaraz bizi nahi dugun guztion indarra behar du euskarak”.

Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean, Kontseiluak euskaltzale guztiei hedatu zien ekainaren 4ko manifestaldirako deialdia: “Euskarari bide ematen diogula erakutsi nahi dugu manifestazio horretan. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuz, helduak euskaldunduz, euskal kultura sustatuz, hedabideak gure eskura jarriaz, lan mundua euskaldunduz? Eta, noski, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko hautua eginez euskarari bide ematen diogu, eta hori ere karriketara atera behar dugu, are ikusgarriago egin behar dugu euskaraz bizitzeko nahi hori. Izan bagarelako eta badagokigulako”.

Aldarrikapena, neurri gehiagoren beharra Kontseiluko ordezkarien iritziz, iazko hauteskundeen ondorioz Nafarroako Gobernuan aldaketa politikoa eman zenetik euskararen normalizazioren eta babesaren bidean pauso batzuk eman dira, “baloratzekoak”, baina ez nahikoak. “Momentu honetan egoera desberdina izanik ere, uste dugu gure indarrak beharrezkoa izaten jarraitzen duela. Eta euskaraz bizitzeko dugun nahia lau haizetara zabaldu behar dugula”.

Iaz ospatutako ekitaldiaren helburuak gogoratuz, etorkizunera begira indarra ez galtzeko aldarrikapena egin zuten Kontseiluko kideek, baldintza zailetan lan egitera ohituta egon arren bestelako egoeretan ere herri gogoari heustea akuilatuz: “Iazko ekitaldian, euskaraz bizitzeko genituen zailtasunak salatu genituen; besteak beste, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko zailtasuna, euskarazko hedabideen egoera prekarioa? Eta horrekin batera, Kontseiluak alderdiei hizkuntza-politika egokia egin dezaten luzatutako proposamenarekin bat egin genuen. Aldaketa euskaratik egiteko prest egon zitezkeen arduradun politikoei ere eskua luzatu genien, bide batez, beharrezkoak ziren neurriak hartuz gero, gure babes osoa eskainiz”.