GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak baimena eman du astearte honetan Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Lanbide Enpleguko Euskal Zerbitzuaren artean lankidetza hitzarmena izenpetzeko hezkuntza arloan, Berdintasun Agenteak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Masterreko ikasleek kanpoan praktikak egiteko.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, kanpoko praktika akademikoak izaera hezitzaileko jarduera bat dira, EHUk gainbegiratzen dituenak. Jardueron helburua ikasleek prestakuntza akademikoan eskuratutako ezagutzak aplikatzea eta osatzea da, eta lanbide jarduerak egiteko beharrezko gaitasunak eskuratzea, enplegagarritasuna areagotzea eta ekintzailetza sustatzea ahalbidetzen dutelako.
Praktika horiek unibertsitatean bertan edo erakunde kolaboratzaile pribatuetan edo publikoetan egin daitezke, Lanbiden kasu. Horrenbestez, Enpleguko Euskal Zerbitzuan praktikan egiteko interesa duten ikasleek gizarte politikak zehazteko eta enplegua sustatzeko politika publikoetan berdintasun irizpideak txertatzeko beharrezkoa den prestakuntza eta ezagutza jasoko dute.