DONOSTIA. Gainera, berritasun ugari daude aurtengo ikasturtean, hala nola A1 eta A2 gaitasun mailen egiaztagiriak sortu eta ebaluazio jarraituaren bitartez emango direla, B1 eta B2 mailetan deialdi irekiak egingo direla eta B1 azterketak euskaltegietan bertan egin ahal izango direla.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta HABEko zuzendari Joseba Erkiziak prentsaurrekoa eskaini dute asteazken honetan Donostian, eta euskaltegien aurtengo matrikulazioaren datuak eskaini eta egiaztatze sisteman eta ikasmaterialetan aurten dauden hainbat berritasun aurkeztu dituzte.

Baztarrikak adierazi du "berri onak" dituztela matrikulazioen kopuruari dagokionez, 2009tik 2013ra jaitsierak izan ondoren, iaz hasitako goranzko bideari eutsi zaiolako aurten. Izan ere, 2014-2015 ikasturtean 30.545 ikasle matrikulatu baziren, aurtengoan 31.420 matrikulatu dira, hau da, %2,86ko igoera izan da. Herrialdeka, Araban, 5.038tik 5.082ra igo dira matrikulazioak; Bizkaian, 15.494tik 15.929ra; eta, azkenik, Gipuzkoan, 10.132tik 10.536ra.

Hori dela eta, Baztarrikak euskaltegiak eta HABE eskertu ditu.

"Euskaltegiak eskertu esaten dut, euskaltegien heldutasunari esker, euskaltegien kalitateari esker delako posible pausu hauek egitea. Aurrera goaz, aurrera doa euskal gizartea, eta horrexegatik nik ere badut berri on bat emateko. Berri ona da, gorantz doala euskaltegietako ikasleen kopurua. Erdal elebakartasunaren zakua husten jarraitzea da dugun helburua", adierazi du.

BERRITASUNAK

Bestalde, Joseba Erkiziak ikasturte honetako berritasun nagusiak aurkeztu ditu. Azaldu duenez, gaur egun arte, HABEk bi egiaztatze deialdi egiten zituen urtean, B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko, eta euskaltegietako ikasleentzat mugatuta zeuden.

Asteazken honetan azaldu bezala, ordea, berritasun ugari daude 2015-2016 ikasturtean. Horrela, A1 eta A2 gaitasun mailen egiaztagiriak sortu dira eta ebaluazio jarraituaren bitartez emango dira. Bi maila hauek egiaztatzen dituzten ikasleak, gainera, banakako diru laguntzen sisteman sartuko dira gainerako mailetakoekin batera.

Halaber, deialdi irekiak izango dira B1 eta B2 mailetan, hau da, euskaltegietako ikasleentzako ohiko deialdiez gain, bi maila hauek deialdi irekien bitartez egiaztatu ahal izango dira, hots, euskaltegietako ikasleek ez direnek ere (edozein herritarrek) aurkezteko aukera izango dute. Deialdi ireki hauek HABEren urteko bigarren deialdiarekin batera egingo dira, eta matrikulazioa irailean izango da.

Gainera, beste berritasun bat da ikasleek B1 azterketa ikasgelan bertan egin ahal izango dutela ikasturte honetan. Halaber, maila honetan ikasten duten ikasleek, azterketa egiterakoan, mintzamen proba idazmen probaren aurretik egingo dute. Azkenik, A2 maila egiteko metodo integral bat argitaratu du HABEk.