BILBO. Mozambikeko eskualde bateko errealitatea oinarritzat hartuz prestatu du Amurizak emanaldia, Lanku kultur enpresaren eta Mundukide fundazioaren ekimenez, eta bertso, testu eta ipuin bidez deskribatuko du bertan bizi izandakoa eta ikusitakoa, Durangoko Udalak jakinarazi duenez.

Kapulanak Mozambikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituzte. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean.

Emanaldi honetan, Amurizak kapulana bat zabalduko du eta bertan gordetako kanta, kontu eta irudiak aterako ditu. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo du bidaia.

Mozambiken ikusitakoaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta, hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere, hausnarketa txikiz eta galdera handiz jositako kontakizuna baizik.