NAFARROA. Antsietatea erantzun kognitibo, fisiologiko era motorrak sorrarazten dituen emozio bat da, mehatxua edo arriskua atzematen denean.

Emozio honek gehiago eragiten die ezegonkortasun emozionala daukaten ikasleei eta neskei. Hala ere, antsietate-maila handiak dituen haurren taldea ez da homogeneoa, anitza baizik, eta ezberdintasun handiak daude haien artean, Ander Domblás García psikologoa eta hezkuntza orientatzaileak Iruñerriko 10 eta 12 urte arteko ikasleekin egin duen azterketaren arabera, zeinarekin lortu baitu doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP).“Antsietateari buruz hitz egiten dugunean, zabalduen dagoen ikuspegia zailtasun batekin lotzen duena da, baina uste nuen garrantzizkoa zela ikuspegi hori hedatzea, eta emozio bat bezala interpretatzea, hau da, eragin kognitibo, fisiologiko eta motorra dituen erantzun moldagarri bat bezala, eta egoera arriskutsu, bereziki zail edo ondorio negatiboak ekartzen ahal dituen baten aurrean gizabanakoa prestatzen duena", azaldu du Domblásek.

Nolabaiteko antsietateak pertsonak egoera zail bati aurre egiteko jarrera hobetzen ahal badu ere, "aktibazio bat dakarrelako", eta emozioa era egokian arautzen delako, meurriz gaindikoak, beste kasu batzuetan, "eragin negatiboak edukitzen ahal du, eta are zenbait jarduera aurrera eramatea ezinezko bihurtzen den egoeretara iristea ere".

Ander Domblásek bere tesian deskribatzen duenez, antsietateak adierazpen kognitiboak (esaterako tentsioa, segurtasun falta, beldurra, gutxiagotasunezko pentsamendu negatiboak...) fisiologikoak (palpitazioak, pultsua azkartzea, itomena, liseritzeko oztopoak, izerditzea, buruko mina tentsioagatik, gihar-tentsioa, zorabioa...) eta motorrak (paralisia, hiperaktibitatea, toteldura, zailtasunak ahozko adierazpenean, saihets edo ihes egiteko jokabideak, edo helburu jakinik ez duten higiduren errepikapen zakarrak) eduki ohi ditu.

Ia 1.200 ikasleren lagina

Antsietate-maila handiak dituen haur taldea handia denez, haur populazioaren % 15 inguruko prebalentzia daukana, Domblásek Iruñerriko 22 ikastetxetan matrikulatutako 10 eta 12 urte arteko Lehen Hezkuntzako 1.141 Ikaslek osatutako talde bat aztertu zuen, "eskola eremuan prebentziorako proposamenak garatzeko oso erabilgarria izan daitekeen arrisku-profil bat" aurkitzeko asmoz.Bere azterketa horretan, baieztatu zuen antsietate-neurri handiagoa aurkitu zuela neskengan (% 20 eta 24 artean) mutilengan baino (% 13 eta 16 artean), baita ezegonkortasun emozionala pairatzen dutenen artean ere.

Alabaina, antsietateak "ez dauka korrelazio-indize handirik errendimendu akademikoarekin". "Korrelazio-indize hori pixka bat handiagoa da matematikaren kasuan, irakurketa-ulermena edo atzerriko hizkuntza bezalako beste gai batzuen kasuan baino", adierazi du Domblásek, zeinaren tesia NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Javier Fernández Montalvo irakasleak zuzendu baitu.Domblásek errendimendu akademikoarekin korrelazio moderatua eta antsietatearen aurka eragin onuragarriak dituen nortasunaren ezaugarri bat identifikatu du: esperientziara zabaltzea.

Berrikuntzaren aurrean zabalik dauden pertsonak, sortzaileak, originalak eta jakintzan eta kulturan interesa daukatenak. Eskolan ikasteko interesa erakusten duten pertsonak dira. Ezaugarri hau profil psikologiko jakin baten parte da, "antsietatearen eragin negatiboak arindu eta errendimendu akademikoarekin harreman moderatu bat duena", esan du bikain "cum laude" kalifikazioa lortu duen tesiaren egileak.

Curriculum laburra

Ander Domblás García Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko Irakasletzan diplomatu zen Iruñeko Huarte de San Juan Unibertsitate Eskolan eta Salamancako Unibertsitatean Hezkuntza Zientzietan eta Filosofian lizentziatu zen, Psikologia espezialitatean.1998an lanpostua lortu zuen irakasleen kidegoan, lehiaketa-oposizioaren bidez, Entzumena eta Hizkuntza espezialitatean; eta 2008an bigarren hezkuntzako irakasleenean, Hezkuntza Orientazioan.

Alabaina, bere jardun profesionala 1992an hasi zen, eta etengabe hainbat lanpostu bete ditu, gaztelaniaz eta euskaraz, esaterako Entzumena eta Hizkuntzako (Logopedia) eta Pedagogia Terapeutikoko irakaslea; Irakasleei Laguntzeko Zentroko (ILZ-CAP) irakasleen aholkularia, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako eskola-orientatzailea, eta Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (HBBZ-CREENA) aholkularia. Gaur egun Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Orientazioaren Bulegoko burua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle elkartua da.