Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ideia lehiaketa baterako deialdia egin du, bere 2016-2019 IV. Plan Estrategikoaren goiburua sortzeko. Plan estrategikoa prestatzen ari dira, eta bere helburua da epe ertaineko lehentasunezko jarduera-lerroak eta xedeak ezartzea. Lehiaketa unibertsitateko komunitateko kideei eta adiskide eta ikasle ohien A3U programan izena eman dutenei zuzenduta dago, eta lehen sari bat, 600 eurokoa, eta bigarren sari bat, 300 eurokoa, emango ditu. Proposamenak aurkezteko epea heldu den martxoaren 7an bukatzen da.

Lehiaketaren oinarrien arabera, goiburua edo esloganak sormen handikoa eta gogoratzeko erraza izan behar du, gehienez ere 60 karaktere (tarterik gabe) eduki behar ditu eta Unibertsitateak gizarteari transmititu nahi dizkion ideien espiritua deskribatu behar du. Goiburuak gaztelaniazko eta euskarazko bertsioa izango du, baina gehienez ere 60 karaktere edukitzeko muga bi hizkuntzetako bateko bertsioari dagokio.

Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak egin du lehiaketarako deialdia, eta bertan parte hartzeko aukera izango dute 2015-2016 ikasturtean titulazio ofizialetan, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian, titulu berekietan eta Esperientziaren Gelan matrikulatutako ikasleek, irakasle-ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek eta A3U programaren kideek.Izangaiek banaka edo taldeka parte hartuko dute, eta taldeak, gehienez ere, hiru lagunekoak izango dira. Azken kasu honetan, taldeko kide bakoitzak lehen aipatutako unibertsitateko komunitatearen taldeetako batekoa izan behar du. Parte-hartze bakarra onartuko da pertsona bakoitzeko, eta taldeak zenbat kide dituen, hainbat goiburu.

Manuel Rapún Gárate Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen Gaietarako errektoreordea izango da epaimahaiburu eta Plan Estrategikoaren Batzorde Betearazleko, Komunikazio Zerbitzuko, Gizarte Kontseiluko eta Ikasleen Kontseiluko ordezkariek osatuta egongo da epaimahaia. Jasotako proposamenen artean balioetsiko ditu goiburuaren egokitasuna Unibertsitatearen IV. Plan Estrategikoan ezarritako eginkizun, helburu eta balioekiko, sormena, eraginkortasuna eta gizartera iristeko duen gaitasuna, bai eta bere soiltasuna eta gogoratzeko erraztasuna.

Lehentasunezko jardun lerroak

IV. Plan Estrategikoaren helburua da lehentasunezko jardun lerroak ezartzea, irakaskuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta bere ingurunearekiko proiekzioari dagokienez 2016-2019 aldian. Plan berri honek unibertsitateko komunitate osoaren eta bera osatzen dutenen parte-hartzean jarri nahi izan du arreta, dokumentua barne komunikazio hobetu eta unibertsitateko jarduerak gizartean duen ikusgarritasuna areagotuko duen ardatz bihur dadin.

Plangintza estrategikoa Unibertsitatearen jarduera hobetzeko tresna bat ere bada. Unibertsitatearen eginkizunen artean dago Nafarroako gizartearen garapen sozial eta ekonomikoan laguntzeko.Oinarri estrategikoak zehaztu eta gero, Plan Estrategikoaren prestakuntza helburu operatiboak, jarduerak eta adierazleak jartzeko aldian dago bere oinarrian dauden sei ardatzetarako: ingurunea, prestakuntza, nazioartekotzea, ikerketa, antolaketa eta baliabideak, eta pertsonak.Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek Unibertsitatearen webgunean daukate IV. Plan Estrategikoari eta lehiaketaren oinarriei buruzko informazio gehiago.