lesaka - Estitxu Arozena ikastolako ikaslea izan zen urteetan. Magisteri-tzako ikasketak egiten ari zelarik, praktikak hemen egin zituen eta azkeneko urteetan itzuli da berriro, oraingoan guraso moduan bere alabatxo Jarekin. Horretaz gain, duela 25 urte sortu zen bertso eskolako lehenengo ikasle taldekoa izan zen eta gero urte luzez, bertso irakasle.
Zenbat urterekin hasi zinen bertsoak kantatzen?
-Lehenengo bertso idatziak egiten hasi nintzen ikastolan 8-9 urterekin. Hamasei urte nituela hasi nintzen bat- batean kantatzen 4 oinak emanda eta handik urte batera lehenengo txapelketan parte hartu nuen.
Zenbat urte daramazu bertso eskolan klaseak ematen?
-18 urterekin, Unibertsitatean Psikologiako ikasketak egiten ari nintzela, hasi nintzen Antiguoko bertso eskolan klaseak ematen. Hain zuzen, arratsaldetan nire ikasle bat zena, goizez nire irakaslea zen Unibertsitatean. Gero han eta hemen klase batzuk ematen eta karrera bukatuta dedikazio osoz; 23 urte daramatzat klaseak ematen.
Bertso eskolaz aparte, eskoletan ere aritzen zara irakasle?
-Bai, hainbat eskola eta ikastoletan Bertsolaritza Irakaskuntzan programaren barruan irakasle aritzen naiz. Hasieran 30 orduko saioak ziren eta orain 15 ordukoak izaten dira. Hezkuntza Departamentuak antola-tzen ditu eta bailaretako mankomunitateak lagundu, azken lau urtetan Hezkuntzak moztu zuen finantziazioa eta Mankomunitateen esku gelditu zen guztia, baina orain Hezkuntza Departamentuak D eredua eskain-tzen den eskola guztietan eskainiko du bertsolaritza ere.
Bertsolaritza klaseak ematen segitzeko intentzioa duzu?
-Bai, hori da nire lana. Bertze lan bat ere izan nuen eta juxtu bietan kontratua garai berean eskaini zidaten, orduan erabaki nuen hau zela nire gustuko lana, bertzea sexu heziketako tailerrak ematea zen, baino niri bertsoak egitea idaztea eta kantatzea gustatzen zitzaidanez, hau aukeratu nuen eta ez naiz damutzen. Zalantza izan dugulikan izan da gehiago ea Gobernuak laguntzen jarraituko zuen eta horregatik egin nituen Magisteri-tzako ikasketak Lehen Hezkuntzako irakaslea izateko baina ahal bada, hau gustatzen zait eta honetan jarraitu nahiko nuke.
Zein lan mota egiten duzue bertso eskolan ?
-Gure helburua da belaunaldi berriak tradizio honekin jarraitzea, bertsoak egiten jakitea, jolastea. Hori nola lortu? Badago alderdi bat bertso zaharrak eta doinuak ikastea dena, baina hori Tantirumairun lantzen da eta ikasita etortzen zarete. Beraz, alderdi ludikoa lantzen dugu bat-batean aritu oinak emanda, bertso antzerkiak? Erran behar da Lesakan zorionez aukera aunitz sortzen zaizkigula, dei-tzen gaituzte ikuskizunetan parte hartzeko, adibidez Euskararen Egunean, edo Txoko Txiki lehiaketaren sari banaketan, bertso finalean? Guzti horietan aunitz ikasten da, bertsoak buruz ikasten dira, doinuak erabiltzeko barneratu egiten dira.
Zein da zure bertsorik gogokoena?
-Galdera zaila da hori, nor bere lana epaitzerakoan errazagoa da akatsak edo gaizki egindakoaz ohartzea, onenak aukeratzea baino. Nire bertsorik famatuena, gaztetxoa nintzenean, 1993ko Donostiako Bertso egunean Victoria Eugenian bota genuena Iratxe, Maialen eta nik “bertsolaritzak ez du barrabilarekin zer ikusirik” orduan botatako bertsoa geratu da famatuena nire bertsotan, ez dakit seinale ona den baina? Egun horretan izan nuen aukera bakarra Lazkao Txikikirekin solasteko.
Zure garaian ba al ziren neska bertsolariak ?
-Ni baino lehenago, Cristina Mardaras izan zen 86ko txapelketan parte hartu zuena, eta gero erreferentea Aranzazu Loidi. Nire garaian neska talde bat batera hasi ginen, hemen Estitxu Fernandez eta Amaia Telletxea? Iturriaga eta Elorza hasi zirenean, naturalki talde guztietan baziren neskak. Nahiz eta finaletan emakume bakarra izan, bertso munduan ez dut bakarra nintzen sentzaziorik.
Nafarroako lehiaketan berriz parte hartzeko intentzioa duzu?
-Berriz txapelketarako erritmoa hartu beharko nuen, bat-batekotasuna herdoildu bezala egiten da ez bazara aritzen eta entrenatu beharko nuke. Haur bat izan nuen duela lau urte eta utzi egin nituen jardun horiek eta berriz itzultzeko ez dut motibaziorik. Kontutan hartu, parte hartu dudala 17 aldiz eta 17 final jokatu ditut. Gehienetan 2. gelditu naiz eta 2 aldiz irabazi dut. Nire bertso ibilbidean irakasle papera nagusitu da.