BILBO. Bileran G-9ko seihileko presidentziaren eskualdatzea egingo da, hau da, Extremadurako errektore eta egun Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako presidente Segundo Pírizengandik, EHUko errektore Iñaki Goirizelaiarengana. Horrela, Goirizelaia G-9ko presidente izango da 2016ko lehen seihilekoan.

Horrez gain, EHUk jakinarazi duenez, bileran gai hauek jorratuko dira, besteak beste: ikasleen sarbide eta onarpena; administrazio elektronikoa; unibertsitateko kirola edo hezkuntzaren arloan umeak babesteko neurriak ezartzea. Hainbat ekimen ere aztertuko dira: campus birtual partekatua, IV. Doktorego Jardunaldiak, Unibertsitateen arteko VIII. Eztabaida Liga edo G-9ko master baten proposamena.

Unibertsitateen G-9 Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Kantabriako Unibertsitateak, Gaztela-Mantxako Unibertsitateak, Extremadurako Unibertsitateak, Balear Uharteetako Unibertsitateak, Errioxako Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Oviedoko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Zaragozako Unibertsitateak osatzen dute. Guztiak dira beren erkidegoko unibertsitate publiko bakarra.

Taldea 1997. urtean sortu zen, eta helburu du unibertsitate erakunde taldekideen arteko lankidetza sustatzea, hala irakaskuntza eta ikerketa jarduerei dagokienez, nola kudeaketa eta zerbitzu jarduerei dagokienez.