BILBO. Inauguratzeko ekitaldian, halaber, José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Joseba Jauregizar Tecnaliako zuzendari nagusiak eta Jorge Posada Vicomtech-IK4ko zuzendariondokoak parte hartu dute.
ENTER 2016ri hasiera emateko ekitaldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak adierazi du Euskadi “Europako I+G+Bren esparruan erreferentziazko herrialdea” dela. Horrez gain, Tapiak hauxe aipatu du: “turismoaren industriako berrikuntza oinarri-oinarrizkoa da gaur egun, merkatu eta profil gero eta segmentatuago eta superespezializatuagoak baitaude”. Sailburuak nabarmendu du “ENTER 2016 ikasteko aukera on bat da Euskadirentzat, baita turismo-teknologian espezializatutako gure punta-puntako enpresek egiten duten lana erakusteko aukera ere. “Basque Day” bihar izango da, eta gure enpresen lan berritzailearen erakusleiho bikaina izango da”.
Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak hiriarentzat maila horretako topaketa bat hartzeak duen garrantzia azpimarratu du, batez ere, Bizkaiko hiriburuak historiako turismo-daturik onenak erregistratzen ari den une honetan: “2015. urtean, 800.000 sarreren muga gainditu dugu (813.357) lehenengo aldiz, baita ostatu-gauen 1.500.000eko muga ere (1.560.185). Estatuko zein nazioarteko bisitari gehiago irabazi ditugu.
Hiria, kultura, kostaldea, natura, hirigune historiak eta aisialdia eskaintzen ditugu erakargarriak izateko, baina, batik bat, identitatea eta berezitasuna eskaintzen ditugu”. Aburtok hauxe gehitu du: “teknologia eta ezagutza gure bizitzak goitik behera aldatzen ari dira, eta turismoa ez da salbuespena izango. Horregatik da gure hiriarentzat hain garrantzitsua ENTER 2016k eskaintzen duen maila eta zehaztasun horretako topaketaren egoitza izatea”.
Basque eTourism Day
Bihar, otsailaren 4a eta osteguna, “Basque eTourism Day” egingo da. Eguna euskal turismoaren sektoreari zuzenduko zaio beren-beregi, eta 150 pertsona baino gehiago egongo dira bertan. Xedea izango da euskal teknologiak turismoari eman diezazkiokeen azken aurrerapenak eta berrikuntzak ezagutzera ematea. Topaketan, besteak beste, Smart Destination eta eTourism Marketing gaiak jorratuko dira eta teknologia aplikatuarekin zerikusia duten produktu asko erakutsiko dira.
Euskal esparruan, merkatuan jada turismoarentzako aplikazio bat duten enpresen eskaintza nabarmendu behar da, besteak beste, Batura Mobile Solutions, Macco Robotics, SHIP NET PREMIUM edo Irontec enpresena.
Era berean, beren eskaintza teknologikoa aurkeztuko duten beste entitate batzuk parte hartuko dute: Tecnalia, Vicomtech-IK4, Segittur, DFRC, Universitat de Barcelona, Iberia, European Travel Commission edo Turiscopi.
Otsailaren 5ean, 37 herrialdetako 260 profesional baino gehiago BilbonENTER ekimenaren 23. edizioaren testuinguruan, “eTourism: Empowering Places” izenburua duen kongresuan, 37 herrialdetatik datozen 260 profesionalek eta nazioarteko prestigioa duten hizlariek turismoaren sektoreari aplikatutako teknologien azken berrikuntzak partekatuko dituzte ostiralera arte, otsailak 5. Nazioarteko kongresu honen helburua da turismo eta abangoardiako garapenetan dauden aurrerapen zientifikoen berri ematea. Halaber, toki turistikoen ahalduntzearekin zerikusia duten alderdiak landuko dira, eta, horretarako, informazio-teknologia berrien balioa azpimarratuko da.
Kongresuaren sustatzailea den IFITT erakundeak (International Federation for Information Technology and Travel and Tourism) antolatzen du ENTER 2016, baina, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du, guztiak ekitaldiko babesleak baitira zati berdinetan. Gainera, Tecnalia, Vicomtech-IK4 eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak ere parte hartzen dute. Bestalde, Industria eta Turismo Ministerioaren mende dagoen SEGITTUR Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea ekitaldian egongo da, babesle gisa.
Erakundeen arteko lankidetza
Iaz, 2015. urtean, Bilboko Udalak ENTER 2016 kongresua Bizkaiko hiriburuan egiteko hautagaitza aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzarekin eta turismoaren alorrean lanean ari diren Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko hainbat eragilerekin batera.
IFITT sareak urtero munduko toki desberdin batean antolatzen du kongresua. Sare horrek turismoaren alorreko I+G+B gaia jorratzen du, eta ikerketari eta ezagutzari dagokienez munduan prestigio handiena duen sarea da. Bertan Tecnalia eta Vicomtech-IK4 euskal zentro teknologikoetako zenbait ikertzailek parte hartzen dute, baita Deustuko Unibertsitateak ere.
Ikertzaile horiek kongresu honetako edizioetan parte hartzen dute duela bost urte baino gehiago. Era berean, Deustuko Unibertsitatea IFITT eta Sareko kidea ere bada.