BILBO. Talde horrek Smart Moto Challenge nazioarteko lehiaketan hartuko du parte, 2016ko uztailean.
AIC zentro teknologikoak eta Deustuko Unibertsitateak automobilgintzako euskal sektoreko egungo eta etorkizuneko profesionalen gaitasunak garatzeko politikarekin jarraitzen dute, jarduera horiekin lotuta dauden ekimenak bultzatzen.
Ildo horretan dago AICk Deusto Moto Team sustatzeko hitzarmena, Smart Moto Challenge nazioarteko unibertsitate mailako lehiaketan parte hartzen laguntzeko.
Lehiaketan, motozikleta elektriko bat egiten da, diseinutik hasi eta fabrikaziora. Helburua da ikasleei aukera ematea benetako proiektu batean parte hartzeko, klasean ikasi dituzten ezagutzak aplikatuz eta taldean lan egiten duten etorkizuneko ingeniariak balira bezala trebatuz. Lehiaketaren barruan sartzen da negozio plana diseinatzea, industrializaziora eta garatutako motozikleta salgai jartzera begira.
Inés Anitua AIC zentro teknologikoko zuzendariaren esanetan, "halako ekimenak oso aberasgarriak dira ikasleentzat, urte gutxi batzuen buruan aritu beharko duten mundu errealera hurbiltzen dituztelako".
Bestalde, Inés Jacobe Deustuko Unibertsitateko dekanoak adierazi du Ingeniaritza Fakultateak "Deustuko egitasmo unibertsitarioak bere-bereak dituen balioetan eta ingeniaritzako ezagutzetan" prestatzen dituela pertsonak, "gaur egungo gizartean gertatzen ari den garapen teknologikoa lideratu dezaten".
PAUSO BAT
Horrela, bi aldeek sinaturiko hitzarmena "irakaskuntzako filosofia hori praktikan jartzeko pauso bat" da, eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko ikasleek poliziarentzako Internetera konektatutako moto baten bi prototipo funtzional diseinatu, garatu eta fabrikatuko dituzte.
AICk eta Deustuko Unibertsitateak 2010eko uztailean sinatu zuten lankidetzako hitzarmen markoa, eta bien arteko lankidetzarako oinarriak ezarri zituzten, egungo eta etorkizuneko automobilgintzako euskal sektoreko profesionalen gaitasunak modernizatzeko eta garatzeko, graduko prestakuntzaren (gradu amaierako proiektuen eta enpresetako prestakuntza praktikoko beken) eta graduondoko prestakuntzaren (egungo profesionalak birziklatzearen) bidez.
Ordutik hona hainbat jarduera burutu dituzte, hala nola Automozioko Ingeniaritzako Espezializazio Diploma edo Produkzioaren Kudeaketako Programa Aurreratua.