BILBO. ETB 1eko "Egun on Euskadi" saioari eskaini eta Europa Press berri agentziak jaso duen elkarrizketa batean, Urrutiak bere buruari galdetu dio "zenbat kanpaina" behar diren euskara normalizatzeko eta "noiz bukatuko" diren, eta erantzun du "funtsezko arazoa" dagoela, alegia, "gizarte prozesu batean gaudela".

Horrela, hizkuntza prozesuak ez direla "gaur bai eta bihar ez" eta ez direla "goizetik gauera konpontzen" ohartarazi du. "Prozesua da euskaldun berriak integratzea, euskaldun zaharrak euren burua alfabetatzea, euskararen erabilera esparru ezberdinetan. Prozesu hori etengabekoa da, eta izango ez balitz, hizkuntza bera hilda geratuko litzateke arrazoi sinple bategatik: ez luke izango erreminta edo tresna egoki bat gure premietarako. Bizirik gaudelako erabiltzen dugu hizkuntza eta hizkuntza hori bizirik egon behar da", adierazi du.

Ildo horretan, errepikatu du kanpainak egin egingo ditugula, baina ulertu behar dugula euskararen normalizazio prozesua "etengabeko prozesua" dela, eta, "gizartea bera aldatzen den neurrian, euskara bera ere egokitzen, eguneratzen eta gaurkotzen" joan behar dela".

"Hor arazo bat izan dugu, eta izan da eguneratze prozesu horretan nolabaiteko gure hasierako puntua oso apartekoa izan dela, gentozen lekutik gentozelako, baserritik, arrantzatik eta abar. Orain euskara kaletar bihurtu da, beste topiko bat, baina beste errealitate bat ere badena.

Erabiltzen dugu erakundeetan, unibertsitatean, hainbat lekutan. Orain, galdu behar ez duguna da lagun arteko giroan, ze lagun artekoa galtzen badugu, galduta gaude", ohartarazi du.

Halaber, Euskararen Nazioarteko Eguna zela-eta erakunde publikoek kaleraturiko agiria bezalakoek gizartearen ikuspegitik jendeari "euskara hor dagoela esateko" balio dutela esan du, "presente dagoela, erabilgarri dela, gure nortasunaren zera bat dela, gure adierazpide bat dela, normaltasunez erabili behar dugula". "Baina agiri horiek gizartean gorpuzten ez badira, letrak izango dira, idatzita egongo dira, baina hainbat idatziren artean geratuko dira", gaineratu du.

Iritzi horrekin ez duela inolako agiririk beheratzen ziurtatu du Urrutian, baizik eta "justu kontrakoa". "Esango nuke goratzen dudala holako agiriak -azaldu du-, oso agerian jartzen dutelako zer den euskararen presentzia, zer izan beharko lukeen, eta partekatzeko gogoa eta asmoa erakusten digute, baina gero errealitatean txertatu behar dira, praktikan jarri behar dira".

DURANGOKO AZOKA

Azkenik, Andres Urrutiak ostiral honetan bertan hasi den 50. Durangoko Azoka ere izan du mintzagai, eta "kultura bizi baten parte" garela esan nahi duela nabarmendu du, eta, "asko kostata bada ere, "gaurkotu, egonkortu eta sendotu" egin dela.

"Eta hor badugu mundu duin bat euskararen inguruan kulturaren ikuspegitik, eta mundu horrek bere proiekzioa du. Mendebaldeko kulturan bizi gara eta gu ere zerbait eskaintzeko moduan gaude. Durangok erakusten duena da, besteak beste, hor badagoela bizitasun bat eta errealitate bat", azpimarratu du.