IRUÑEA- Karlos III.a erregeak Nafarroan agindu zuen 1387tik 1425era, eta luxuzko gortea eratu zuen, hainbeste non koroatu zuten urtean Koroaren aurrekontuaren % 23a bideratu baitzuen luxuzko gastuetan, "bere ospea eta botorea" erakusteko xedez. Horixe dio Merche Osés Urricelqui (Lizarra, 1976) Historian lizentziadunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen tesi batek. Izan ere, Evreuxtarren dinastiako eta Noblea izengoitiko erregearen arreoa ikertu du.

Ikerketaren gaia hauxe da: "Nafarroako erregearen gorteko bizimoduak distirarik handiena zeukan aldian, hau da, XIV. mendetik XV. mendera igarotzean", Merche Osések dioenez. Horretarako, bereziki esanguratsua da arreoa izenaren barruan sartzen den guztia, hau da, "gorteko bizitzari lotutako objektu eta adierazpen guztiak: oihalak, larruak, arropak, oinetakoak, bitxiak, baxerako piezak, armak, eta abar".

Ikerketa egiteko, Merche Osések Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Orokorrean gordetzen diren Diruzainaren Erregistroak erabili ditu, "urtero idazten zirelako, sistematikoki, Errege etxearen kontuak." Horretaz gain, mende horietako obra ikonografikoa eta eskultorikoa aztertu ditu, baita museotako luxuzko piezen bildumak ere, asko ez badira ere, horrek denak gorteko bizimoduaren berri ematen duelako. “Ez dira asko Nafarroan gordetzen diren aro honetako arte-lanak, eta errepresentazio gehienak Frantziako iturrietatik hartuak dira, oso antzekoak zirelako”, esan du tesiaren egileak. Tesiaren izenburua “Boterea, sinbologia eta errepresentazioa Behe Erdi Aroan: Nafarroako Karlos III.aren gortearen arreoa (1387-1425)”. Tesiak bikain “cum laude” lortu du.

Gortearen egunerokoa

Erosketak aztertuta ezagutzen ahal izan da errege familiaren eta gortearen egunerokoa, "zer ohialetan ehuntzen zituzten janzten zituzten arropak, zer kolore erabiltzen zuten, arropak nolakoak ziren, zer bitxi edo larru erabiltzen zituzten, etxeko arropa nolakoa zen, mahaian erabiltzen zuten baxera, eta abar, eta, batez ere, noiz erabiltzen zituzten eta zergatik.

Ehun eta bitxi arreo horrek guztiak bizimodu baten berri ematen du, gizarteko gorengo mailako ohiturak eta azturak zein ziren erakusten du, baita auzo erresumen aurrean eta jopuen aurrean erregearen boterea nola erakusten zuten ere; hau da, eszenografia eta zeremonial baten berri ematen du ?adierazi du erdi aroari buruzko adituak?. Gainera, une honetan moda sortu zen, errege-erreginek eta haien mezulariek egin zituzten bidaien, harremanen eta trukeen ondorioz. Nafarroako erresuma, txikia izan arren, ez zen atzean geratu eta Frantziako, Ingalaterrako eta Gaztelako modaren eragina eduki zuen, eta aldi berean erresumak ere beste erresuma batzuetan eragin zuen: hori da hopalanda deitzen den jantziaren kasua, jantzi zabal eta deigarria zena, nonbait Borgoñan jatorria eduki eta Nafarroara iritsi zena, nondik penintsulako gainerako erresumetara iritsi baitzen".

Luxuzko pieza hauen erosketaren helburua lotzen da "erregetzaren beraren agerpenarekin, haren ospea eta boterea erakustearekin; gainera erregea presenteago egiten zuen erregea kanpoan izatea aski ohikoa zen erresuma batean. Karlos III.ak erregetzaren irudia berreraiki nahi zuen modu honetan, hau da, gorteko zeremonietan luxuzko eta apaingarri askoko eszenografia bat sortuz, hori proiektatzen baitzen erregearen propaganda politikoa bezala", laburtzen du.

Luxua handitasunaren erakusgarri

Errege Nobleak adierazi zuena, "XIV. eta XV. monarkia guztiek egin zuten bezala", hauxe izan zen, "luxua eta apaingarrizko giroa ezinbestekoak zirela monarkiaren handitasuna aldarrikatzeko, eta erregearen inguruan egiten ziren zeremonia guztiak, esaterako bataioak, ezkontzak, torneoak, zaldun-izendapenak, koroatzea eta hileta-elizkizunak, une egokiak ziren erakusteko".

"Zeremonia hauen gerta-gunea izaten ziren jauregi, katedral, eliza edo kaleen arkitekturak ikusgarri iraunkorra eskaintzen zuen, orduan izaten baitzen aukerarik onena errege familiako kide bakoitzaren ohore, lerrun eta duintasuna erakutsi eta luzitzeko arrandia handiz", azaldu du Merche Osések, zeinaren tesia Eloísa Ramírez Vaquero Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erdi Aroko Historiaren katedradunak zuzendu baitu.

"Ikusizko eta entzunezko luxuzko ikusgarri koloretsu eta itsugarria" ikusleen begietan txertatzen zen: jopuenean, eta auzoko gorteetako mezulari, diplomatiko eta errege-erreginenetan. "Erregearen agerpenak handientsua eta ustekabekoa izan behar zuen ?dio Osések?. Ez da ahaztu behar Karlos III.a Frantziako gortearen zeremonia batzuetan egon zela, baita pixka bat soilagoak ziren Gaztela edo Aragoiko erresumenetan ere, eta ongi ezagutzen zituen. Printze hau, nahiz eta erresuma iberiko batekoa izan, odolez frantsesa zen, eta horrek ematen zion aukera Nafarroari nazioarteko topaketa, harrera eta festetan parte hartzeko, orduko gorte garrantzizkoen moden arabera, leinu handiekin zeukalako senidetza-harremanik: Valois, Berry, Borgoña eta Trastamararekin, esaterako”.

Nafarroako tronura iritsi zenetik, erregearen inguruan izaten ziren "gorentasunaren eguneroko adierazpenak, zeinak horretarako sortu edo berritu zituen tokietan gertatzen baitziren, esaterako Iruleko Katedralean edo Erriberriko Jauregian, besteak beste".

Erosketak Zaragozan eta Bartzelonan

Merche Osések arreoa zer merkatutan erosten zuten ere aztertu du (garrantzizkoenak, Zaragoza eta Bartzelona); saltzaileak (horietan nafarrak nagusi ziren, % 53a, atzerritarren aurrean, horiek % 31 zirelako, gehienak Aragoikoak); erosketetan inbertitzen zena gortearen gastuen % 10 izaten zen, eta "nabarmen igotzen zen errege-zeremoniak zeudenean, eta hala 1390. urtean, erregea koroatu zutenean, gastua % 22,7koa izan zen". Bestalde, piezak diseinatu eta egin zituzten artisauen artean "oso urrutitik etorritakoak izaten ziren, orduan famatuenak zirenak, eta horrek Nafarroako gortea zer kosmopolita zen erakusten du. Horixe da Johan de Lome eskultorearen kasua, Karlos III.a erregearen eta Leonorren frantses aireko hilobia egin zuena, Nafarroako eskultura funerarioan zedarri bat izan zena ?historialariak azaltzen duenez?. Artisau horiek denek iraupen laburreko arte bat sortu zuten, distira eman ziena erresumako biztanle askok eta beste toki batzuetatik etorritako pertsonalitatek ikusiko zituzten ekitaldiei".

Hitz batez, jantzia eta etxeko arreoak "materialaren muga zeharkatzen zuen, sinboloen espazioan barneratzeko, eta hortik aurrera, lehentasunezko tresna zen bakoitza bere tokian egon zedin eta erregearen garrantzia areagotzeko, baita mezu bat proiektatzeko ere, zeinaren kodea garai hartako gizarteak ezagutzen baitzuen", Historian doktore berriak esan duenez.

Curriculum laburra

Merche Osés Urricelqui, Historian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (1998), 2008. urteaz geroztik Geografia, Historia eta Arte irakaslea da, eta behin betiko lanpostua San Adriango Ega Bigarren Hezkuntzako Institutuan dauka. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Geografia eta Historia Saileko Jose María Lacarra Ikerketa Taldeko kidea da 2000. urtetik, eta sail horrek egindako hainbat proiektutan parte hartu izan du, zortzi ikerketa-artikulu argitaratu ditu eta bederatzi ponentzia aurkeztu ditu hainbat biltzarretan. Ikastaroak eta historia aholkularitzako lanak egin izan ditu.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Comptos Ataleko dokumentuen datu baseak katalogatzen, digitalizatzen eta prestatzen aritu da. Gainera, Lizarrako Udal Artxibategiko, San Pedro, San Miguel eta San Juan elizetako udal artxibategietako eta Lizarrako Santa Clara monasterioko artxibategiko Erdi Aroko dokumentazio guztia berraztertu eta transkribatu zuen, eta horrekin Nafarroako Gobernuak argitaratu zuen liburu bat atera zuen: "Lizarrako Erdi Aroko dokumentazioa (XII-XVI. mendeak). Gainera latinetik gaztelaniara itzuli eta berraztertu zuen Lizarrako Forua, hango Udalak 2005. urtean argitaratu zuena.

Merche Osések hainbat kultura proiektu garatu ditu Lizarran, bere jaioterrian, esaterako Kultur Etxean egin ziren erdi aroko gaiei buruzko bi erakusketa eta udalerriari buruzko dokumental bat. Halaber, Lizarrerria Ikerketa Zentroaren burua da, eta zentro horren aldizkaria den “Terra Stellae” aldizkariaren edizioan parte hartzen du.