Usurbil - Usurbilgo Udarregi ikastolak antolatuko duen 2015eko Kilometroak jaiaren abestiaren bideoklipa aurkeztu zen atzo. 60 herritarrek parte hartu dute filmazioan, haurrak protagonista izan direlarik. Lan honetaz irudigintzaren alorrean dabiltzan usurbildar talde bat arduratu da.
Horien izenean, Joseba Larratxek eta Juan Luis Izetak hitz egin zuten. Ezertan hasi aurretik, Jakoba Errekondorekin bildu zen bideoklipeko lantaldea, hark osatu baitzituen Lotzen gattunk abestiaren hi-tzak. “Hainbat bilera egin genituen, ideia zaparrada sutsuak eginez. Gero, ideia horiek guztiak bideoklipera ekarri behar genituen, bukaerako emaitza Udarregi ikastolaren eta Usurbilen isla izan zedin”, adierazi zuen Izetak. Gainera aurtengo Kilometroen hiru oinarriak (parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusibitatea) bideoklipan islatu behar ziren. Honela, tradizionalki gizonezkoen lan gisa definituak izan diren ogibideetan (baserria, arran-tza, industria...) emakumeak ageri dira bideoan.
Hala, bideoklipeko lantaldeak bi lan-ildo nagusi erabaki zituzten: batetik, kantari jarraikiz, soka bat izango zela bideokliparen elementu nagusia, eta, bestetik, haurrak izango zirela protagonista. “Haurrak, ikastolako ikasleak, iratxo gisa irudikatu genituen; haiek dira ikastolaren oraina eta Usurbilgo etorkizuna. Usurbilgo haurrek, afiziotzat dituzte buruhandiak, eta horrela sortu genituen iratxo-buruhandiak. Soka, berriz, herritar guztiok batzen gaituen soka da, euskara alegia. Zaila da esaten nori bururatu zitzaion zer. Esan dezakegu auzolanean egindako sormen kolektibo bat dela”, adierazi zuen Larretxek.
“Herri honekin lotura estua duen txalapartarekin ireki dugu bideoa. Txalapartariek basoko izpirituei dei egiten diete, eta hauek buruhandi-iratxo modura agertzen dira. Pixkanaka, iratxo hauek menditik herrira jaitsiko dira, bidean topatzen dituzten hainbat lanbidetako langileak ahotik ateratako sokaz bilduz. Noski, soka honek gure hizkuntzaren metafora izan nahi du, euskarak lotzen gaituela irudikatzeko”, esan zuen Larretxek. Bideoklipa, Youtuben ikusgai dago.