BILBAO. Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboko aktibazio kopurua, 700 metrotik beherako elur-aurreikuspenarekin, aurreko urteetako batezbestekoa baino handixeagoa izan da (bederatzi 2014-15 aldian, zazpi 2013-14 aldian eta zortzi 2012-13 aldian) eta gehiagotan ere mobilizatu dira garabi astunak (18 aurten, ohiko batezbestekoa 12 izanik); nolanahi ere, berriki amaitutako neguan ez da zirkulazioko arazo gehiegi izan.

«Egoera meteorologiko txarrak eragindako arazoak azkar eta eraginkortasunez konpondu dira, gertakariei aurrea hartu diegu 'azaldu du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok' Une kritiko batzuetan ibilgailu astunen zirkulazioa ere murriztu behar izan genuen, baina oro har, bide-sarea zabalik egon da eta elurrak ez du gorabehera larririk eragin».

Elurteak abendua hasieran hasi ziren, baina elur-maila hilaren 28ra arte ez zen jaitsi 300-500 metrora. Arabako Lurralde Historikoan izan zuten eragin handiena; hainbat errepide moztu behar izan zituzten ibaiek gainezka egitean.

Urtarrila erdialdean, 16 eta 23 aldean, elur-maila 500 eta 700 metro artean egon zen; zehazki hilaren 21ean Trafiko Zuzendaritzak hiru garabi astun prebentzioz mobilizatu zituen (2 Araban eta 1 Bizkaian) ibilgailu astunak erreskatatu ahal izateko.

Neurri hori hartu zen bidean, «artazi-efektua» deritzonaren ondorioz, zeharka geldi zitekeen ibilgailu astun batek ekar zitzakeen auto-ilarak eta eraginak arintzeko.

Murrizketa ibilgailu astunentzat eta luiziak

Bosgarren elurtea urtarrilaren 30etik otsailaren 8ra bitartean gertatu zen, elur-maila 500-600 metrora jaistea aurreikusita egonik. Aldi horretan, prebentzioz, Araban hiru garabi astun, Bizkaian bi eta Gipuzkoan beste bi mobilizatu ziren, hainbat egunetan. Hainbat egunez jarraian elurra egingo zuela aurreikusita, otsailaren 3an, Segurtasuneko sailburuorde Josu Subyagak Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoa deitu zuen, eta horrek, Krisi Mahaia eratuta, ibilgailu astunen zirkulazioa ordu batzuez EAEko bide-sare osoan murriztea erabaki zuen. Hiru egun iraun zuen gertakariak.

Otsailean aktibatu da gehien Neguko Bidezaintza Plana (otsailaren 16tik 18ra, 21etik 22ra, 23etik 24ra eta 27an) baina gorabehera meteorologiko nabarmenena ez da elurra izan, euria baizik, errepide batzuen gainera harri- eta lur-jausiak eragin baitzituen. Garrantzitsuena 'zirkulazioaren gainean izan zituen ondorioengatik' martxoaren 3an izan zen, AP-1 errepidean, 118 kilometro-puntuan, Eskoriatza parean, eta autobidea bi noranzkoetan etetea eragin zuen. Zirkulazioa bypass baten bidez bideratu zen, baina berriro itxi zen martxoaren 13an, luizi gehiago gertatzeko arriskua baitzegoen. Martxoaren 26tik bidea berriro irekita dago bypass bidez, uztailaren erdialdean finkatze lanak amaitu arte.

Luizi txikiagoak izan dira beste errepide batzuetan: Zumaia eta Zarautz arteko N-6234 errepidean, N-1 errepidean Idiazabal parean eta BI-712 errepidean Basauri parean.

«Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboko aktibazio kopurua batezbestekoa baino handixeagoa izan bada ere, nabarmendu behar dugu zirkulazioan ez duela nabarmen eragin 'adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok' Trafiko Zuzendaritzak garabi astunak prebentzioz mobilizatzeko zerbitzuak, gure ustez, lagundu du errepidean arintasun handiagoa egoten; ibilgailu astunen istripuetan berehala jardun dugu».