zumaia - Azken urteetan euria, ho-tza, haizea tokatu izan da eta aspaldi ez zela eguzkia gogoz ateratzen San Telmo egunean. Badirudi Santuak ere ezin izan ziola emozioari eutsi eta prozesioan, ermitara iristen ari zirela, erori zen lurrera. Sustoa izan zen eta zorionez ez zen hautsi San Telmoren irudia. Hala ere, eguneko anekdota izan zen, zalantzarik gabe.
Asteburuan giro aparta izan da Zumaiako kaleetan. Arrantzale jan-tzia soinean jarri eta ederki gozatu dituzte festen lehen egunak zumaiarrek. Igandean danborraden txanda izan zen eta jende ugari elkartu zen Erribera kalean bandera igoera ikusteko. Atzokoan berriz, prozesioarekin hasi zuten eguna 10.15ean San Pedro parrokian. San Telmo ermitara igo ziren herritarrak Santuaren izena daraman kale ederra igaroz. Baina Ocho apellidos vascos filmak ospea eman dion ermitara iritsi aurretik erori zen irudia lurrera. “Soka ba-tzuk ekarri ditut meza eta gero ongi lotzeko”, azaldu zuen Arbustain motor elkarteko kide batek. Hala, bizilagun ba-tzuk elkartu eta meza ondoren, Beheko Plaza abesbatza kantatzen ari zela, ermitara sartu eta soka gorri eta berdeekin ongi lotu zuten irudia beste sustorik ez izateko. Jarraian, ura bedeinkatu zuten ermita kanpoan eta ohiko salda eta txorizoa jatera jaitsi ziren herrira.
Maria Luisa Unanuek urtero hamaiketakoa eskaintzen die San Telmo kalean duen etxetik igarotzen diren guztiei. Aurten ere ez zuen hutsik egin. “Sartu, sartu denak eta eseri lasai!”, zioen emakume alaiak. Kale bereko Aita Mari elkartean ere elkartu ziren herritarrak eta, besteak beste, Arbustainek omendu eta igande gauean bandera igotzeko ohorea izan zuen Antonio Larrañaga arran-tzale ohia izan zen bertan. Alboan zuen Presen Manterola (95) saregile ohia. Miren Urbieta (94) eta Manterola dira Zumaian bizirik dauden saregile ohi bakarrak eta Manterolak omenaldia jaso zuen igandean.
Zumaiarrek errepetizioak izango dituzte datorren asteburuan, bertsolari, jolas eta zaldi lasterketarekin.