BILBAO. CPAP tratamendua jasotzen duten loaren apneadun hainbat paziente (SAHS) aztertu ditu EHUko Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia Saileko ikertzaileak. CPAP tratamendua da estandarra maila ertainetik larrira bitarteko loaren apnea duten pazienteentzat: airebidea kolapsa ez dakion, presiopeko airea -makina batek sortua- jasotzen du pazienteak. Kolapso hori du ezaugarrietako bat gaitz horrek. Tratamenduko presioari eragiten dioten faktoreak aztertu ditu ikertzaileak, asaldura horren sintomak hobetzeko alderdi erabakigarria baita tratamenduarekiko tolerantzia.

Loaren apnea sindromea da loaldian izaten den arnas asaldura ohikoena. Arnas gelditzea jasaten dute sindromedunek, lotan daudela, goiko airebideen kolapsoa dela medio. Gelditze horiek gutxitu egiten dute pazientearen odoleko oxigenokantitatea, eta esnaldiak eragiten, zeinek galarazi egiten duten loak pazientea indarberritzea.

"Hori dela eta, loguraz ibiltzen dira pazienteak egunez, eta ez dute behar bezala lan egiten, gidatzen ari direla lo hartzeko arrisku handiagoa izaten dute eta abar", azaldu du Huetok. Zirkulazio aparatuan ere eragiten du arazorik: "Hipertentsioa sustatzen du, eta areagotu egiten du infartu eta iktusen intzidentzia", dio.

Loaren apnea maila ertainetik larrira bitartekoa bada, CPAP (arnasbidearen presio positibo jarraitua) tratamendu estandarra erabiltzen da pazienteekin: airebidea ez kolapsatzeko eta, horrenbestez, arnas gelditzerik ez izateko, presiopeko airea -makina batek sortua- sartzen da, maskara baten bidez. "Sindromearen larritasun mailaren arabera, presio handiagoan edo txikiagoan sartu behar da airea", azaldu du.

Loaren apnea eragiten duten faktoreetatik, sudurreko erresistentzia da maiz aipatzen denetako bat. Zenbat eta handiagoa erresistentzia hori, orduan eta zailtasun handiagoa aireak sudurretik igarotzeko. Sudur trenkadaren desbideratzeak, buxatzeek, errinitis kronikoak eta beste zenbait gaitzek eragiten dute erresistentzia hori.

Sudurreko erresistentziaren eta CPAPren tratamendurako behar den presioaren artean lotura adierazgarririk ba ote dagoen ikertu du Huetok, bai eta presio horren eta beste zenbait ezaugarri anatomikoren arteko esteka ere. Bi paziente multzo aztertu zituen: batzuek, nahiko presio handiekin erabiltzen zuten CPAPa; besteek, berriz, nahiko presio txikiekin.

KORRELAZIOA

Huteroren ikerketaren emaitzek frogatu zutenez, nabarmen handiagoak zituzten sudurreko erresistentziak CPAPa presio handian jasotako pazienteek.

"Bistakoa denez, sudurreko buxadurak eta sudurreko jario urrituak oztopatu egiten dute CPAParekiko tratamendua, baina, orain arte, inongo ikerketak ez du argitu lotura hori", adierazi du.

Gorputz masaren indizeak ere, hots, pazienteen obesitate mailak, lotura oso esanguratsua zuen tratamendurako behar zen CPAP presioarekin, ikerketa horren arabera. "Nabarmen handiagoa dute gorputz masaren indizea CPAP presioak altuak behar dituzten pazienteek presio txikiagoak behar dituztenek baino", azaldu du.

Aipatutako korrelazioak berresteaz gain, bi erregresio formula ere sortu zituen Huetok ikerketa horretan. Iragarpen eta estrapolazio fidagarriak egiten laguntzen duten formula matematikoak dira erregresio formulak. Horietako batek honetarako aukera ematen du: pazienteak beharko duen CPAP presioa iragartzeko, gorputz-masaren indizea eta sudurreko erresistentzia kontuan hartuta. Pazienteei probak eginda zehazten da egun presio hori.

Sortu zuen beste formulak, berriz, pazienteak presio bat ala bestea behar izateko dituen probabilitateak zehazten ditu, gorputz masaren indizearen eta sudurreko erresistentziaren arabera.

"Gorputz masaren indizea eta sudurreko erresistentzia funtsezko faktoreak dituztenez formula horiek, hona ondorioa: pazientearen pisua eta sudurreko erresistentzia gutxitzea lagungarri da behar den CPAP presioa murrizteko. Kasu batzuetan, ebakuntza kirurgiko baten bidez murrizten da sudurreko erresistentzia. CPAP makinarekiko erresistentzia gutxitzea dute azken helburu ikerketa horiek. Izan ere, presio txikiagoak hobeto jasaten dituzte pazienteek; hori dela eta, tratamendua ez uzten laguntzen dute", azaldu du Huetok.

EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia Saileko ikertzaile da Jesús Antonio Hueto, eta han egin du "Análisis correlacional de la resistencia nasal y la presión positiva continua de la vía aérea en el tratamiento del síndrome de apnea del sueño" izeneko tesia, aipatutako ikerlanerako oinarri erabili duena, alegia.

asteizko Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitatearen laguntza jaso du Huetok lan hori egiteko: eskuragarri izan ditu loaren apnea duten pazienteen (SAHS) datu baseak eta CPAP tratamendupean daudenenak.