Irun - Irungo Bidasoa Kirol Elkarteak, Euskal Herrian eta Estatuan eskubaloian historia haundia duenak, bere senean eta Udalaren laguntzaz Kalean Bai programaren bitartez euskararekiko hartutako konpromisoen balorazioa egin du eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren azaldu du.

Guzti hauen berri ematen aritu ziren atzo Jose Angel Sodupe presidentea, Aritz Sodupe, klubeko Euskara arduraduna eta Fernando San Martin, Irungo Euskara zinegotzia, Artaleku kiroldegian egindako agerraldian.

aldaketa nabarmenak Jose Angel Sodupek gogora ekarri zuen nola Bidasoa Kirol Elkartea “1962. urtean sortu eta 1980. eta 1990. hamarkadetan Irun hiriaren izena mundu mailan ezaguna izatera” eraman ondoren, “2007. urtetik hona, aldaketa nabarmenak” izaten ari den, eta guzti horien artean kokatu zuen klubeko zuzendaritzak “euskararen erabilera normalizatzeko hartutako konpromisoa”.

Aldaketa hau, Udalak hiriko elkarteak euskalduntzeko abian duen Kalean Bai programaren baitan ematen ari da eta “honen abiapuntua, 2008. urtean Siadeco enpresak egindako diagnostikoa eta hizkuntza plana” dira, Aritz Sodupe, Bidasoa Kirol Elkarteko Euskara arduradunaren hitzetan.

Ordutik hona, elkartea bera eta bere barne zein kanpo-harremanak euskalduntzeko “pausu nabarmenak” eman direla esan dute, eta hauen artean kokatu dituzte “taldeko eragileen motibazioa eta sentsibilizazioa lantzea, haur eta gazteentzako ekimenetan euskararen erabilera bermatzea, harrobiko taldeetan, udako kanpusean eta oinarrizko kirol jardunean euskararen erabilera sustatzea eta irudi korporatiboan zein idatzi eta ahozko harremanetan euskararen presentzia bermatzea”.

pauso berriak Egindako bidea positibotzat jota ere, “euskararen erabilera sustatu eta bermatzeko” pauso eta konpromiso berriak hartu ditu Irungo eskubaloi klubak.

“Lehen taldeko jokalariek euskara eskolak jasoko dituzte apiriletik aurrera, duela zenbait urte argitaratu zen eskubaloi hiztegia errepasatu eta webgunean argitaratuko da, webguneko komunikazioan edukin finkoak ez direnak (partiduen kronikak, lesionatuen parteak eta antzekoak) euskaraz ere puntualki argitaratuko dira eta klubaren ereserkia euskaraz grabatzeko asmoa” ere badagoela azaldu du Aritz Sodupek.

Fernando San Martin Euskara zinegotziak, bere aldetik, “Bidasoak berak eta beste zenbait elkartek euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lana” eskertu eta goraipatu zuen.