BILBO. Esan bezala, 51 hizkuntzatan izango da komunikazioa aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bi hizkuntza ofizialetako bat bera ere menderatzen ez duten pertsonen beharrizanak betetzeko. Hizkuntza horietako batzuk gertukoak eta zabalduak dira:i-ngelesa, frantsesa edo alemana-, baina beste batzuk erabat ezezagunak dira, esaterako, banbara eta sunikia (Afrika mendebaldean hitz egiten dira).

Interpretazio enpresa baten euskarri teknikoarekin, zerbitzu berriak komunikazio honetan esku hartzen duten hiru aldeak batuko ditu: Lanbide, interpretea eta atzerritarra. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren mendeko zerbitzuaren bulegoek ematen duten "arretaren aldiberekotasuna, eraginkortasuna eta segurtasuna bermatuko dira".

Gotzone Sagardui Lanbideko Lan Aktibaziorako zuzendariaren esanetan, Berdintasun Unitateak sustatutako zerbitzua "oinarrizko erreminta bihurtuko da enplegua bilatzeko garaian desberdintasunak saihesteko edota gizarte laguntzak eskuratzeko, 2013-2016 aldirako Lanbideren Plan Estrategikoak zehazten duen moduan".

Emakume etorkinen kasuan, zailtasun horiek are nabariagoak dira, Sagarduik azaldu duenez, "emakumeok zerbitzu berri hau eskura izanda autoestimu eta autonomia handiagoa izango baitituzte".