BILBO. Gripe kasuak gutxitu egin dira azken egunetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta horrela, joan den astean, gripearen jarduera tasa 396,7 kasukoa zen 100.000 biztanleko. Beraz, atzean geratu da urtarrileko azken egunetako 527,6 kasuko tasa, azken bost urteetako altuena.
Osakidetzak jakinarazi duenez, tasarik handienak 0-4 eta 5-14 urte tarteetan ematen dira oraindik ere, 100.000 biztanleko 963,7 kasuko eta 1.147,7 kasuko tasekin, hurrenez hurren. Hala ere, intzidentzia aurreko asteko baino txikiagoa da.
Halaber, gripearen sindromeagatiko kontsulten eskaeragatik Osakidetzako lehen mailako arretako zentroetan arreta jaso dutenen kopurua 7.248 lagunekoa izan da.
Lurraldeka, Gipuzkoan izan da tasa handiena, 348 kasu 100.000 biztanleko; hurrena Bizkaian, 343,6 kasurekin 100.000 biztanleko; eta azkenik Araban, 100.000 biztanleko 255,5 kasurekin.
Gripearen lehen kasuak agertu zirenean, Osakidetzak plan bat abiarazi zuen eta oraindik aktibo du, profesionalen kopurua handitzeko eta ospitaleetako eta larrialdietako egiturak egokitzeko, gaixotasunetik deribatutako konplikazioak dituzten pertsonei osasun arreta egokia emate aldera.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatu dute gripearen sintomarik agertuz gero familia sendagilearengana jotzeko eta haren azalpenei jarraitzeko. Gripea gaixotasun birikoa da eta, hori dela eta, ez da antibiotikoekin tratatu behar; antibiotikoek ez dute inolako efikaziarik birusen aurrean. Oso kasu jakinetan bakarrik eta beti medikuak aginduta hartu behar dira antibiotikoak. Gaixotasunari aurre egiteko eta sukarra jaisteko onena atsedena, likidoak eta antitermikoak dira.
Gripea izanez gero, transmisio eta kutsatze indize handia duenez, ezinbestekoa da prebentzio neurri higienikoak hartzea, adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.