GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko legearen proiektua onartu du gaur, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok proposatuta. Lege hori Eusko Legebiltzarrean onartu ondoren, arau honek gizarte zerbitzuen alorrean bakarrik lan egiten duten elkarteak (ekintza sozialeko hirugarren sektorea) eta gizarte zerbitzuen bestelako arloetako elkarteak (enplegua, diru sarreren sistema, familiak, berdintasuna, gune soziosanitarioa eta abar) arautuko ditu.

Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi duenez, "gizarte justuagoa eta solidarioagoa, kohesionatuagoa eta parte hartzaileagoa eraikitzen ari diren elkarteek ordezkatzen duten oinarrizko aktibo hori" aintzatestea da ekimenaren helburua.

Hirugarren Euskal Sektore Soziala egoitza eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duten irabazi asmorik gabeko elkarte sozialek osatzen dute. Elkarte horien helburua da gizarteratzea sustatzea eta ahultasun, baztertze, babesgabetasun, ezintasun edo mendekotasunaren egoeran dauden pertsonen, familien edo kolektiboen eskubideak gauzatzea.

Legearen helburua da, batez ere, sektore honen konfigurazioa erraztea, sektore horretako erakundeak eta sareak identifikatuta, eta horien ezaugarriak nabarmentzea. Ildo horri jarraiki, aurreproiektuak urtebeteko epea ezartzen du, legea indarrean sartzen denetik kontatzen hasita, elkarteen errolda bat egiteko.

LANKIDETZA

Sektorearen osaerari esker, hori indartzeaz gain, elkarteen arteko lankidetza eta sektore publikoaren nahiz enpresen arteko lankidetza sustatuko duten neurriak garatu ahal izango dira. Gai horri dagokionez, Jaurlaritzak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareekin lankidetzan, sektoreko Sustapen Estrategia bat egingo du.

Estrategia horretan, alderdi bakoitzak egin beharreko jarduketak egongo dira; horrez gain, elkarteen eta sareen indartzearekin, euren ekarpen sozialaren sustapenarekin eta talde horien hainbat funtzioren garapenarekin zerikusia duten helburuak eta neurriak egongo dira esku-hartze sozialaren alor guztian.

Estrategiak, gutxienez, hauek guztiak hartuko ditu barnean: oinarri sozialaren garapena eta erakundeetan parte hartzea; antolamenduaren eta kudeaketaren sustapena; Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala egituratzea eta elkarteen arteko lankidetza; jasangarritasuna, autonomia, gardentasuna eta kontuak ematea, inbertsioak eta azpiegiturak; sektore publikoarekin lankidetza izatea; enpresekin lankidetza izatea; Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren sustapena, zerga-sistema eta aitorpena.

Lankidetza maila, "Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareekiko iraunkorra, operatiboa eta bi noranzkokoa izango dena, Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Ekonomia eta Gizarteko Kontseiluan parte hartuta gauzatuko da", Erkorekak azaldu duenez.