BILBO. Euskadiren standaren inaugurazioa egingo da asteazken honetan, urtarrilaren 28an, Madrilgo Fitur 2015 turismo azokan, arratsaldeko 13:00etan, euskal erakundeetako ordezkarien eta turismo sektoreko 40 enpresa baino gehiagoren parte hartzearekin.
Ekitaldiaren buru Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira: Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordea, Mertxe Garmendia Turismoko zuzendaria eta Arantza Madariaga Basquetour Turismoko Euskal Agentziako zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, "Fitur Estatuko turismo azokarik garrantzitsuenean helmugaren berezitasunen adierazgarria den agertoki batean Euskadiko eskaintza guztia batzea lortu du".
Azokak irauten duen egunetan hainbat aurkezpen eta ekitaldi egingo dira standean. Horrela, asteazkenean, inaugurazioaren ondoren, Ignaziar Ibilbidea, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua eta "Welcome" profesionalen arteko networking topaketa aurkeztuko dira.
Ostegunean, urtarrilaren 29an, Bidaia Agentzien Elkarteetako Presidenteen Munduko III. Gailurra aurkeztuko du Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, eta ondoren Turismo Kalitatearen Q egiaztagiriak banatuko dira. SICTED sariak ere banatuko dira, eta Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua aurkeztuko zaie OETetako zuzendariei.
Asteburuko ekitaldiei dagokienez, pintxo-pote solidarioa Intermon Oxfam elkartearen alde, Euskadirako ihesaldien salmenta, Bilbo-Bizkaiko Basque Fest eta Cliff Diving ekitaldien inguruko ekintzak, magia erakustaldia Gasteizeko Magialdiari lotua, Telmo Esnalen "Dantza" pelikulan oinarrituriko euskal dantza saioak, herri kirolen partaidetza erakusketa eta Mundaka Fest (Basque Music & Cook Festival) izango dira.