BILBO. Osakidetzak 465 ohe eta 315 profesional gehiago jarri ditu errefortzu modura, gripeak ekarri duen egoerari aurre egiteko. Izan ere, gripeak "jauzi kualitatiboa" egin du Euskadin, eta gaur egun, 100.000 biztanletik 209,62k gripea du.
Gripearen birusen zirkulazioa handia delako gertatu da hori. Hala, egindako analisi mikrobiologikoen arabera, gripearen izaera mistoa da; halere, A motakoa gailentzen da B motakoaren aldean. Hain zuzen, bi andui horiek aurtengo txertoaren barnean daude.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Mediku Jagoleen Sareak (urtaroko gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sareak) egiaztatu du, berriz ere 0-4 eta 5-14 urte bitarteko adin tarteko biztanleei eragin diela gehien.
Orain arte, gripea zutela egiaztatutako sei pertsona ospitaleratu dira, horietatik %83 gizonezkoak. Kasu guztiek pneumonia zeukaten eta kasuetako bat Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) ospitaleratu behar izan zuten. Gripea dutenen %33ri txertoa jartzeko adierazi zitzaion arren, ez zuen gripearen aurkako txertorik jaso.
Bestalde, gripearen sindromeagatiko kontsulten eskaeragatik Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Zentroetan arreta jaso dutenen kopurua 2.759 lagunera iritsi da.
Lurraldeka, Gipuzkoak izan ditu kasurik gehien (153,2 kasu 100.000 biztanleko); ondoren Araba dago (121,5 kasu), eta gutxien, berriz, Bizkaiak izan ditu (110,8 kasu 100.000 biztanleko).
Igoera handi honi aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen epidemiaren aurrean jarduketa ildo batzuk gauzatzea erraztuko duten kontingentziei buruzko plan bat egin dute, arreta ematen den arlo guztietan (ospitaleetako Lehen Mailako Arreta eta Arreta Espezializatua, eskualdeetan eta Erakunde Sanitario Integratuak), eta horietan guztietan, irizpide batzuk ezarri dira, unearen arabera, egokiena den erantzuna emateko.
"Aurreikusitako neurri horien bitartez, epidemia honek dakartzan ondorioei nahi diegu aurre egin eta eragina txikitu ahal den neurrian. Helburu horretarako, ospitaletako azpiegitura guztia aktibatzen eta indartzen ari da Osakidetza, gripearen ondorioz etor litezken konplikazioek eragindako ospitaleratze beharrei erantzuteko", adierazi dute.
Arreta egokia emateko hartutako neurrien artean, egoera honetarako baliabideak gaitzea dago, esaterako, 465 ohe jartzea aparteko izaerarekin eta 315 profesional (medikuak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak eta zeladoreak) kontratatzea. Indartutako espezialitate medikoak barne medikuntzakoak, pneumologiakoak eta pediatriakoa dira.
Horrez gain, Etengabeko Arreta Guneak (EAG) indartu dira asteburuko ordutegian, eta gauza bera egin da ospitaleetako bai umeentzako bai helduentzako larrialdietan.
Salbuespen neurri gisa, plan honetan jaso da, hala beharko balitz, kanpoko baliabide gehigarriak jartzea, esaterako, osasun zentro pribatuetako oheak eta zerbitzuak ere kasu horretarako jartzea.
BESTE NEURRI BATZUK
Planak bildu dituen beste neurri garrantzitsuen artean daude etxeko arretari eta arreta anbulatorioari lehentasuna ematea, ospitaleko arretaren aldean; gaixoaren presentziarik gabeko kontsultak eta jarraipenak sustatzea; edo kontsulten agenda ordutegia zabaltzea eta Lehen Mailako Arretako jarduera programatua gutxitzea.
Halaber, osasun zentroetako eta Etengabe Arreta Guneetako baliabideak indartuko dira, kontsultako eta etxez etxeko arreta eskaerak duen bilakaeraren arabera.
Programatutako jarduera kirurgikoa berriz antolatu da, kirurgia handi anbulatorioa indartuz. Horrela, ospitaleratzeak saihestuko lirateke eta gripe kasuetarako ohe gehiago egongo lirateke. Guneak eta langileak egokituko dira, arreta zentroetako erantzuteko gaitasuna handitzeko.
Azkenik, Osakidetzak gogorarazi du gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela berezko tratamendu berezirik behar. Atseden hartzea eta likido eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko dira gomendio nagusiak.
Garrantzitsua da kontuan izatea, transmisio eta kutsatze indize handia duenez, ezinbestekoa dela prebentzio neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.
Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatu dute gripearen ondoriozko sukarrak jarraitzen badu, eta osasun arreta behar izanez gero, familiako medikuarenera jotzea eta haren aginduak jarraitzea.