BILBO. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen artean 7.801 ezkontza egin ziren 2013. urtean, aurrekoan baino %5,9 gutxiago. Ezkontza guztien 126 bikote homosexualen artean izan ziren, hau da, aurreko urtean baino %14,9 gutxiago, eta ezkontza heterosexualak (7.675), aurreko urtean baino 470 gutxiago (%-5,8) izan ziren, Eustaten datuen arabera.
EAEko ezkontza tasa (1.000 biztanleko 3,3), ia Espainiako berbera (1.000 biztanleko 3,32) da, baina Europar Batasunekoarenaren (1.000 biztanleko 4,8, 2008an) azpitik dago.
Ezkontzeko adinak gora egin du, eta amatasuna atzeratu. 2013an ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batez besteko adina 35,5 urte izan zen, eta emakumezko ezkongabeena, aldiz, 33,6 urte. Azken 25 urteetan, emaztegaien batez besteko adina 7,8 urte igo da, eta senargaiena 7,4 urte. Ezkondu aurretik ezkontideek zuten egoera zibilari dagokionez, aurreneko ezkontza izan zen gizonen %88,3rentzat eta emakumeen %88,9rentzat.
Bestalde, ekainean izan ziren ezkontzarik gehien, 1.231; irailean 1.183 izan ziren, eta uztailean 1.128. Halaber, ezkontzen %50 larunbatean egin ziren, eta %37 ostiralean.
Azken urteetan gora egin du ezkontza zibilen kopuruak. Zehazki, 1990ean %23 baziren, 2013an %75 izan ziren (5.760 ezkontza). Ezkontza katolikoak 1.900 izan ziren, eta beste sinesmenetakoak 15. Lurraldeka, ezkontza zibilik gehien Gipuzkoan egin ziren (%77,7), eta ondoren Bizkaian (%76,7) eta Araban (%72,4). EAEtik kanpo ezkondu ziren egoiliarren artean, aldiz, %61,1 izan ziren.
Ezkondu aurretik, bikoteen %49k bizileku bera zuten, 2011ko portzentaje bera izanik. 1996an bikoteen %19k (gutxiengoa) zuen bizileku bera, eta 2007an %59 (gehiengoa). Ezkondu eta EAEtik kanpo bizitzera joan zirenek (466 bikote), batez ere Madril, Kantabria eta Nafarroara jo zuten. Helburuari dagokionez, aldeak badira hiru herrialdeetan egindako ezkontzen artean: Arabakoak, batez ere, Madril, Burgos eta Errioxara joan ziren; Bizkaikoak Madril, Kantabria eta Bartzelonara; eta Gipuzkoakoak Madril, Nafarroa eta Frantziara.
Bestalde, 1.071 ezkontzatan (%14) ezkontideetako bat bederen atzerritarra zen. Ezkontza hauen %48,3tan emaztea zen atzerritarra, %27,7tan senarra eta %24tan biak. Emazteen sorterri nagusiak, Kolonbia (95), Bolivia (67), Brasil (62), Ekuador (39), Nikaragua (39) eta Maroko (35) izan ziren, eta senarrenak, Maroko (81), Kolonbia (61), Bolivia (34), Aljeria (27), Ekuador (24) eta Portugal (22).
Azkenik, 2013an 126 ezkontza homosexual izan ziren: 64 emakumeen artean eta 62 gizonen artean. Horrela, aurreko urtearen aldean %14,9ko murrizketa izan da. 17 bikote Araban jarri ziren bizitzen, 36 Gipuzkoan, 62 Bizkaian eta 11 EAEtik kanpo.