BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) euskararen erabilera normalizatua bultzatzen jarraituko du eta, horretarako, euskaraz bizitzeko esparruak eman eta zabaltzeko konpromisoa berretsiko du asteazken honetan ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunean.

Jon Zarate EHUko Euskararen arloko errektoreordeak astearte honetan eta asteazkenean bertan irakurriko duen agiriak dioenez, "UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatea bada, eta Euskal Herria euskaldunon herria, UPV/EHUk euskaldunon unibertsitatea ere izan beharko luke".

Euskararen arloko errektoreordearen esanetan, "historian atzera begiratzen badugu baikorrak izateko arrazoiak asko dira. Euskaldunek antzinatik demostratu dute Euskal Herrira heldutako gainontzeko hizkuntzekin bizikidetza sustatzeko gaitasuna (hizkuntza indoeuroparrak, zeltiarra, erromatarra, gaztelania); beharbada, hori izan da bizirik irauteko sekretua".

Era berean, Jazinto Iturbe kimikari eta Euskararen arloko errektoreorde ohiak 1973an euskarazko lehen tesia aurkeztu zuenetik EHUk euskalduntzearen alde egindako "lan emankorra" gogoratu du Zaratek.

"Horren adierazgarri dira gradu eta graduondoetako euskarazko kreditu kopuru garaia, euskarazko ikasmaterialgintza eta liburugintza, euskaraz egindako ikerketa tesiak eta artikuluak, euskarazko aldizkariak, kurtsoak eta ikastaroak. Gainera, giza baliabideei dagokionez inoizko egoerarik onenean gaude", azaldu du.

Jon Zaratek esan duenez, "euskaldunon ardura da euskararen erabilera normalizatua bultzatzea, eta horretarako EHUskaraz bizitzeko esparruak eman eta zabaltzea".

EGITARAUA

Urtero bezala, aurten ere, hainbat ekitaldi antolatu ditu EHUk astearte honetarako eta asteazkenerako, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Bi egunetan jai giroa izango da nagusi unibertsitateko hiru campusetan, bertso, errezitaldi, hitzaldi, lehiaketa, proiekzio, bazkari herrikoi, bakarrizketa, erakusketa, musika eta dantzarekin.

Egitarau zabalaren baitan, nabarmentzekoa da asteazken honetan, abenduaren 3an, "Gure Sor Lekua" euskaraz egindako lehen filnma proiektatuko dela Bizkaia Aretoan, Bilbon, arratsaldeko 19:30ean, soinu bandaren musika zuzenean interpretatuko delarik.

"Gure Sor Lekua" Euskal Herriari buruzko ordu eta erdi irauten duen koloretako dokumentala da, eta 1956an estreinatu zen Hazparnen (Lapurdi), bertakoa baitzen zuzendaria, André Madré jenerala. Diasporako euskaldunei zuzenduta zegoen, egilearen hitzetan, sorlekua iruditan ikusiz, haien herrimina arintzeko asmoz. Hitzak, Jean Elizalde 'Zerbitzari' idazle, apaiz eta euskaltzainak egin zituen.

Horixe izan zen egin zuen pelikula bakarra. Historiografiak apenas aipatu du dokumentala, guztiz ezezaguna zelako, eta hari buruz emandako datu urrietan, ez zen ageri euskaraz izan zitekeenik. Izan ere, pelikula galdutzat ematen zen, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR ikerketa taldeko Josu Martínezek 2012an kopia mutu bat aurkitu zuen arte.

Hain zuzen ere, Josu Martínezek "Gure (zinemaren) Sor Lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia" izenburua duen bere tesia defendatuko du epaimahaiaren aurrean asteazkenean bertan, arratsaldeko 15:30ean.

EHUk antolatutako ekitaldian, filmaren bertsio laburtua proiektatuko da, Joserra Senperenak propio konposatutako jatorrizko musikarekin. Musika zuzenean interpretatuko du Xaer/Hertz laukoteak. Aurkezpenean izango dira Iñaki Goirizelaia errektorea, André Madré zuzendariaren alarguna eta EHUko ikerlari Josu Martínez.