GASTEIZ. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Txileko ordezkaritza bat bildu dira gaur, abenduaren 1ean, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen. Jaurlaritzak Basque Country estrategiaren barruan bultzaturiko "Euskadi Learning Tour" esperientzian parte hartuko dute ordezkari txiletarrek. Programa horri esker, hainbat jarduera arlotan ardurazko karguak dituzten zenbait pertsona Euskadin izango dira.

Bileran parte hartu duen Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak adierazi duenez, mota honetako topaketek ardurazko karguak dituzten pertsonek Euskadi ezagutaraztea dute helburu, euskal garapen ekonomiko, politiko eta sozialaren eredua ezartzeko egin den lana, alegia.

Aste osoan zehar topaketa agenda zabala izango dute Txileko ordezkariek. Horrela, Euskadiko garapen ekonomikoaren, teknologikoaren eta produktiboaren zein berrikuntzaren ereduarekin batera, mugikortasun, garraio eta ingurumen arloko zein hiri berroneratzearen eredua ezagutu ahal izango dute, bai eta Euskadiko hezkuntza eta kultur eredua ere.

Elorzak esan duenez, Txileko ordezkarien bisita "Euskadi Learning Tour" programaren lehen esperientzia da, baina urtean bi bisita egongo dira aurrerantzean. Basque Country estrategian lehentasunezko eta estrategikotzat jotzen direnak izango dira gonbidatutako herrialdeak, eta horrela, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak iragarri du hurrengo bisita Mexikok egingo duela, Jaurlaritzak urrian bertara egindako bidaiari jarraipena emateko.

Basque Country-2020rako Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren barruan jasotako ekimen zehatzetako bat da "Euskadi Learning Tour". Gobernu Kontseiluak apirilaren 8an onartu zuen Eusko Jaurlaritza garatzen ari den programa.

Lehendakaritzan egin den bileran, Urkulluz gain, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariaga eta Txileko hurrengo ordezkariak izan dira: Jacqueline Van Rysselbergue eta Patricio Walker Prieto senatariak, Ricardo Solari ministro ohia eta Txileko Telebista Nazionaleko presidentea, Gonzalo Uriarte senatari ohia, Andrés Santa Cruz Produkzio eta Mekataritza Konfederazioaren presidentea, Daniel Mas eta Alfonso Swett enpresariak, Cristian Rodríguez kazetaria eta Rafa Kutz Euskadik Txilen duen ordezkaria.