BILBO. Euskadi lehen aldiz izango da stand propioarekin Londreseko 2014ko WTM (World Travel Market) azokan. WTM munduko bigarren turismo azoka profesional garrantzitsuena da, turismoaren industriako profesionalak erakusgai dauden tokia da eta aurten, 5.000 erakusle eta 50.000 partaide izango ditu.
Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzak, Turismo zuzendari Mertxe Garmendiarekin eta Basquetour agentziako zuzendari Arantza Madariagarekin batera, Euskadiren standa inauguratu du, eta bertan izan dira EAEko hiriburuetako eta hiru foru aldundietako ordezkariak ere.
Inaugurazioan, Epalzak "Basque Country Magazine" Euskadiren turismo eskaintza plazaratzeko egin berri eta oraintsu Bilbon aurkeztu den aldizkari digital berritzailea erakutsi du.
Euskadiren standa erakundeen arteko elkarlanari esker gauzatu da. 108 metro karratu ditu, informazioa turistikoa eskaintzeko erakustoki batekin, eta turismoko 11 euskal enpresak munduko profesionalekin harremanak eta bilerak izateko eta euren zerbitzuak eskaintzeko mahaiak ere ditu.
2013an, azoka profesional honek 47.725 bisitari erakarri zituen, aurreko urtean baino 3.000 bisitari gehiago, hau da, 2012an baino %4,7 gehiago. Azokako antolatzaileen esanetan, iazko edizioan WTMak mundu guztian 2.130 milioi euroko baliodun negozioak sortu zituen urte guztian zehar.
Erresuma Batua, Euskadirentzat, nazioarteko bigarren merkatua da (Frantzia, hurbiltasunagatik, lehena da). 2013an 85.147 bisitari britainiar izan ziren EAEn, 2012an baino %2,1 gehiago eta 2011an baino %19,3 gehiago.
Euskadira etortzeko britaniarrek dituzten arrazoi nagusien artean, azpimarratzekoa da %44k Euskadi guztia ezagutu nahi duela, jomugaren herriak bisitatuz (touring) eta %23,8k hiriak ikusi nahi ditu (city breaks). Gehienbat, bikotekideareakin (%58,3) eta lagunekin (%29,2) datoz.