Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Mexikora egingo duen bisita ofiziala hasiko du datorren astelehenean, urriaren 27an, eta lan agendan, ekonomia eta euskal enpresen nazioartekotzea izango ditu ardatz. Gainera, topaketa instituzionalak, kulturalak eta hezkuntza arlokoak izango ditu.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, lehendakariarekin batera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia -Mexikon dago dagoeneko, ekonomia, enpresa eta energia arloko bilerak egiten- eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorza izango dira Mexikon.

Bidaiak sei egun iraungo ditu eta Urkulluk bi enpresa topaketa izango ditu. Horietan, bada, Mexikon ezarrita dauden ehun bat euskal enpresa izango dira. Gainera, México Business Summit gailurrean parte hartuko du, hots, Mexikon garrantzi gehien duen eta nazioarteko proiekziorik handiena duen negozioetako goi bileran.

Horrez gain, nazioartekotutako euskal enpresen esperientzia zehatzen berri izango du, Aernnovaren instalazioak bisitatuko baititu Querétaro estatuan, eta Gestampenak Puebla estatuan. Halaber, Mexikoko Gobernuko Energiaren Estatu Idazkaritzarekin bilduko da, Mexiko egiten ari den energia erreformaren prozesua bertatik bertara ezagutu ahal izateko, euskal enpresei aukera handiak irekitzen baitizkie, dela energia sektorekoei, dela sektore osagarrikoei.

Bestalde, agenda instituzionalari helduta, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Mexikoko Gobernuko Kanpo Harremanetako idazkariarekin, Mexikoko Senatuko Kanpo Harremanetako Batzordearekin eta Querétaro estatuko gobernadorearekin bilduko da.

Azkenik, Mondragon-UCO Unibertsitatea inauguratuko du Querétaron, hau da, "Euskadiko hezkuntza arloko lehen nazioartekotze esperientzia berritzailea". Gainera, hitzaldi bat eskainiko die Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko aditu eta akademikoei, euskal komunitatea protagonista duen ekitaldi bateko buru izango da Mexiko DFko Euskal Etxean, eta Colegio de las Vizcaínas bisitatuko du, alegia, bi herrialdeen arteko kultura harremanen erreferentzia garrantzitsua.

MEXIKO, UNE GARRANTZITSUAN

Iñigo Urkullu Mexikon izango den honetan, herrialde amerikarra une garrantzitsua bizitzen ari da, Peña Nieto presidentearen Gobernua anbizio handiko erreforma programa bat buru-belarri lantzen ari baita, hazkundeari bultzada berria emateko, eta, horren barruan, energiaren sektoreari, telekomunikazioen sektoreari, konpetentziaren legeari edo erreforma fiskalari, beste alderdi estrategiko batzuen artean.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak prozesu horrek euskal enpresa eta erakundeentzako zer aukera ekarriko dituen ezagutu ahalko du bertatik bertara, eta horretarako, bilerak egingo ditu.

Mexiko lehentasunezko herrialdea da Jaurlaritzaren nazioartekotze estrategian, Basque Country Estrategian jasota dagoen bezala, garatzeko eta hazteko duen gaitasunagatik. 2013aren amaieran, Mexiko euskal esportazioen zortzigarren herrialdea zen, 554 milioi euroko salmenta bolumenarekin. Era berean, nabarmentzeko modukoa da 130 euskal enpresa daudela Mexikon ezarrita, Txinaren atzetik euskal enpresa gehien dituen munduko bigarren herrialdea izanik.

Legegintzaldia hasi zenetik atzerrira egingo duen bosgarren bidaia da, eta Europar Batasunetik kanpo egingo duen bigarrena. Eusko Jaurlaritza, lehendakaria buru dela, Basque Country Estrategia garatzen ari da, Euskadi kanpoaldean proiektatzeko.