Eusko Jaurlaritzak bideokonferentzia bidez egingo du Gobernu Bilera datorren urriaren 28an, bere historian lehen aldiz. Orain arte inoiz ez zen erabili aukera hau, baina 2007ko ekainaren 22ko herritarrek Zerbitzu Publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legeko Lehenengo Xedapen Gehigarrian aurreikusita dago.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak bidaia ofiziala hasiko dute Mexikon urriaren 26an, eta, hain zuzen, hori da urriaren 28ko Gobernu Bilera bideokonferentzia bidez egitearen arrazoia.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, urriaren 28ko Gobernu bilerak garrantzi berezia du, 2015erako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontu Orokorrak onartuko baitira. Horregatik, lehendakariak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak ez dute bilera hori galdu nahi, eta, hori dela eta, Urkulluk eta Tapiak Lehendakaritzako egoitzarekin on line bidez konektatuko dute, egoitza horretako bideo bileretako gela batean elkartuko baitira gainerako sailburuak.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak bilera ofizialak egiteko informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko aukera ematen du, legezko erabateko bermeekin, eta, betiere, hiru baldintza hauek betetzen badira: deialdia behar bezala egitea, eta gai zerrendaren informazioa eta komunikazioa eskuratu ahal izatea, kasu honetan, Jaurlaritzako Kontseilua osatzen duten pertsona guztiek; bileran den pertsona orok parte hartze egokia izatea; eta bileran parte hartzen duten pertsona guztiek hartutako erabakietako edukia eskuratzea, eta bileran egindako komunikazio guztiak aktan jasotzea.