BILBAO. Horrela, urtero bezala, gurasoek aukera izango dute beren umeak D ereduan matrikulatzeko, bai irakaskuntza publikoan, bai ikastolen sarean, ikastetxe horiek "aukera paregabea" eskaintzen baitiote Nafarroako gizarteari, gurasoei bereziki, "nafar guztiona den hizkuntza eta kulturatik abiatuz, beren seme-alabak mundu zabalera begira hezi ahal izateko".

Akademiak urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran aho batez onartutako adierazpenak gogorarazi du euskara babestea, gizartearen maila guztietara zabaltzea eta erabilera sustatzea direla Euskaltzaindiaren zeregin berariazkoak, legez Euskaltzaindia baita euskararen erakunde aholku emaile ofiziala.

"Hori horrela, Akademiak xede horiekin bat egitera gonbidatzen ditu Nafarroako haurren gurasoak eta beren seme-alaben heziketarako D eredua (euskarazko irakaskuntza Gaztelania irakasgaiarekin) hautatzera animatzen", adierazi du.

Aldi berean, zorionak eman dizkie eredu hori hautatzen duten gurasoei, bai eta eskerrak eta babes osoa ere, "irakaskuntza publikoan zein ikastolen sarean urte luzez, zeregin horri osoki emanak eta emaitza bikainak lortuz lanean aritu diren eta ari diren irakasleei eta gainerako langileei".