baiona. Goiz parteko Osoko bilkuraren ostean etorri zen barealdia, Euskaltzaindiak Baionako Herri Etxean eginiko ageriko bilkuran. Bertan, Jean Haritschelhar zenaren omenezko hilberri-txostena irakurri zuen Jean-René Etchegaray Baionako Udalaren lehen auzapezordeak, eta horren ostean Andres Urrutia euskaltzainburuaren berbak entzun ziren. Bien artean Baigorriko euskaltzainaren bizitza aletu zuten, haren pasadizoak eta izaera agertu zutela. Omenaldi xumea bezain sentikorra egin zion Akademiak urteetan erakundearen batuta eraman zuen "gizon handiari".
Haritschelhar euskaltzainburuorde izan zen 24 urtez eta 16 urtez euskaltzainburu, eta tarte horretan nahikoa jardun zuen euskararen mesedetan. Esaterako, Etxahun koplagileaz egindako doktore ikerketa azpimarratu zuten atzo. Halaber, Euskaltzainditik eta unibertsitatetik at egindako lanak ere gogoan izan zituzten, hala nola, Herria aldizkariko kolaborazioak, Baionako Euskal Museoan ateratakoak edo euskararen alde egindako beste zenbait. Bere bizitzaren pasarte batzuk gogoratu zituen Oihartzabalek, eta gizonaren "pisua" azpimarratu zuen, bere hileta-elizkizunean agerian gelditu zena: "Mundu bat bildu zen Baigorrin. Hango eliza mukuru bete zuten azken agurra egin nahi zioten Euskal Herriko hiru kantoinetarik jin euskaltzaleek. Orok garbi zeukaten zerbitzari berezia galdua zuela euskarak".