euskaltzaindian berriki sortu den istilua dela eta, irakurriak irakurri ondoren eta entzunak entzun ondoren, puntu batzuk argitu nahi nituzke, nire izena agertu denez gero hor erdian.

1) Arazoa akademikoa da, akademiko hutsa, ez da hor beste inolako azalpenik bilatu behar. Gramatika batzordeak 32 urte darama lanean, lan ona egin du, eta lanean berdin segitzea eskatzen du, 32 urte honetan bezala, es besterik. Halaber eskatzen du gramatika arloko kontuak kudeatzen segitzea: batzorde bakoitzak baditu, normala denez, bere konpetentziak, eta konpeten-tzia horiek Euskaltzaindia sortu zen urtetik beti errespetatu izan dira. Errespetatzen segitzea eskatu du batzordeak, ez besterik.

2) Gramatika batzordeak, eta ba-tzorde barnean gauden euskaltzainok, jakina, beti errespetatu izan ditugu, eta errespetatzen ditugu, Euskaltzaindiaren erabakiak. Azkeneko erabakiak, ordea, gure batzordearen 32 urteko ibilbidea hautsi du, eta Euskaltzaindiak historian zehar batzordeekin izan duen mende osoko jarrera ere hautsi du. Guk onartzen dugu erabaki hori, baina bat ez gatozenez, dimititu dugu. Ez da hor beste azalpenik bilatu behar.

3) Bi talde omen dira Euskaltzaindian. Badira. Talde horiek, zeinek bere aldetik, boterea nahi omen dute. Eta ni omen naiz, gainera, talde horietako baten, boterea ez duenaren, burua. Ez. Ez da egia, horrek inolako legitimitaterik kenduko ez balit ere, egia izatera. Baina ez da hala. Gezurra da. Erabakiaren kontra sutsuen mintzatu denetako bat Jose Luis Lizundia da: zuzendari-tzako kidea izan da orain dela hilabete batzuk arte. Niri dagokidanez: ez dut inoiz ere adierazi euskaltzainburu izateko asmorik, inoiz, inori. Ez dut nire hautagaitza inoiz ere aurkeztu. Bere garaian, badira urteak, Villasantek eskatu zidan kide izateko, diruzain izateko. Ezetz esan nion. Haritxelar zenak eskatu zidan, beste euskaltzain batzuk zirela lekuko, nire burua aurkezteko. Ez nuela nahi esan nion, ez zela sar-tzen hori nire asmoetan. Zinez, ez naiz inoiz ere aurkeztu Euskaltzaindiko zuzendaritza kargu batera. Hori da errealitatea, besteak usteak dira.

4) Bi talde izatearen arrazoia botere kontua balitz ere, horrek ez luke deustan aldatuko orain sortu den arazoa, arazo hori akademikoa baita, esan bezala. Baina egia da bi talde (ez egituratu) badirela: batzuek uste dugu erakunde bateko kontuak beste modu batera kudeatu behar direla. Baina hori pentsatzen dugunak gutxienak gara, eta ez dugu eragozpenik -nik bederen ez dut- gehienek erabakitzen dutena ontzat emateko. Errespetua eskatzen dugu, hori bai, eta ez dugu duintasuna galdu nahi. Hori ere.