donostia. Erria txikota! oihua aldarri hartuta aurkeztu zuten atzo goizean 2014ko Kilometroak Jaia Gipuzkoako Ikastolen Elkartean. Erronka berria "pozez eta ilusioz beterik" hartu dutela nabarmendu zuten oriotarrek.

Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak; Zigor Saizar, Orioko Herri Ikastolako zuzendariak; Gemma Etxabe, Orioko Herri Ikastolako lehendakariak; Eñaut Telleria, Kilometrotako koordinatzaile orokorrak, eta 2014ko Kilometroak Jaiaren koordinatzaile Joseba Orellak azaldu zituzten jaiaren nondik norakoak prentsa agerraldian.

Erria Txikota! leloak oriotarren izaera eta kultura argi azaltzen duela uste dute Orioko Herri Ikastolako kideek. Gemma Etxabe Orioko Herri Ikastolako lehendakariaren esanetan "Orio eta oriotarren bizimodua itsasoari eta errioari lotuta egon da beti; arrantza, ontziolak, errioa eta arrauna. Kultura oso bat garatu da horien inguruan eta oriotarrek itsas ondare hori bizi­bizirik mantendu dute mendeetan zehar". Ildo horretan Erria Txikota! oriotarren itsas ondarearen adierazgarria dela iritzi zuten. Arrantzaleak itsasora abiatu aurretik lehorrean denari eskatzen dion laguntza oihua da. "Patroiak marinelei luzatzen dien agindua ere izan daiteke, txikota izeneko soka lodia, mutilotik moilako burdin zatitik askatzeko deia alegia" zehaztu zuten.

keinu bat Kilometroak 2014ko leloarekin, alde batetik, oriotarren betiko hizkerari keinu egin nahi izan diete antolatzaileek; "globalizatutako gizartea inguruarekin harremana galtzen ari den heinean hizkuntza ondarea ere pixkanaka galtzen ari baita. Bide hori jarraituz, gustatuko litzaiguke belaunaldi berriek oriotarren hizkuntzaren parte diren esamoldeak eta betiko ohitura eta balioak berreskuratzea" aitortu zuen Etxabek. Bestetik, Erria txikota! esamoldearekin Orioko Herri Ikastolaren sorreratik hain garrantzitsua izan den auzolana eta elkarlana ere irudikatu nahi izan dute. Arrantzaleek itsasoratzeko behar duten auzolana eta elkarlana behar baitu ikastolaren proiektuak ere aurrera jarraitzeko.

erronkei aurre eginez 2014ko urrian 10 urte beteko dira Orion, lehen aldiz, Kilometroak Jaia ospatu zenetik. Aurreko edizio horretan Oriok eta Zarautzek elkarlanean antolatu zuten jaia, baina oraingoan urrats bat aurrera eman dute oriotarrek eta Orioko herriak, bakarrik, hartu dio lekukoa Tolosari Kilometroak jaia antolatzeko. Kilometroak Jaia sortu zenetik "proiektu berriak garatzerako orduan ikastolen finantziazio iturri garrantzitsua" izan dela nabarmendu zuen prentsaurrekoan Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak "urtez urte Ikastolen hezkuntza eredua sendotzen lagundu du beraz Kilometroak Jaiak".

2014ko Kilometroak Jaiarekin Orioko Herri Ikastolaren hezkuntza ereduan urrats bat aurrera eman nahi dute. Izan ere, azken urtetan asko hasi da Ikastola, "707 ikasle ditu gaur egun" zehaztu du Zigor Saizar Orioko Herri Ikastolako zuzendariak. Leku falta izan da azken urtetan ikastolaren arazo nagusia eta horrek "adreiluan inbertitzera" bultzatu du Orioko Herri Ikastola. "2014ko Kilometroak Jaiarekin DBHko eraikinaren hipoteka estali nahi dugu, eta aurrerantzean hezkuntza arloan inbertitzen hasi nahi dugu, gure hezkuntza eskaintza hobetuz" adierazi zuen Gemma Etxabek.

Kilometroak Kultur Elkarteko kideen iritziz, Orioko Ikastolako hezkuntza komunitateak Ikastola herrian errotzea eta herriko gurasoen gehiengoak aukeratzen duen hezkuntza eredua izatea lortu du. Horretarako "Ikastolen proiektuaren printzipio nagusiak aldarrikatu dituzte hasiera­hasieratik". Garaiak aldatu egin badira ere, elkarlanak eta auzolanak ikastolaren izaeraren parte izaten jarraitzen duela uste du Manterolak. "Ez dugu lasaitu behar, oraindik asko baitugu egiteke. Guraso, ikasle, irakasle, langile eta ikasle ohiek denok osatzen dugu ikastolaren hezkuntza komunitatea; eta denok aurrera egin behar dugu", azaldu zuen.