ORAIN dela 25 urte sortu zen Maizpide, lehen barnetegi iraunkorra. Hala ere, bere historiaren abiapuntua 1975an kokatzen da, orduan hasi baitziren euskara ikasteko lehen uda ikastaroak Lazkaon. Dionisio Amundarain izan zen Goierrin euskalduntze-alfabetatzea bultzatu zuena garai horietan. Jende asko animatu zenez, herriko biztanleek lagundu zuten hori posible egiten, bai klaseak emanez, janaria prestatuz edo etxean pare bat ikaslerentzat ohea eskainiz. "Herriaren gogo eta borondatetik sortu zen proiektu hau", dio Jon Urdangarinek, Maizpideko zuzendariak. Lehen uda horietan 400-500 ikasle inguratu ziren Lazkaora.

Denborarekin, proiektua sendotu egin zen eta 1982an antolatu zen lehenengo neguko barnetegia. Baina gaur ezagutzen den Maizpide ez zen 1988ko apirilera arte iritsi, Eusko Jaurlaritzak orain erabiltzen duen eraikina utzi zienean. Urdangarinen ustetan, hala ere, "eraikin hau lau horma baino zerbait gehiago da; herri guztia dago honen atzetik". Baina eraikin honek eskaini dizkien baliabideak oso erabilgarriak izan dira urte hauetan zehar Maizpideko irakasle eta langileentzat. Jangela, egon gela, liburutegia eta zinema dituzte, ikasgelez aparte. Bertako zuzendariaren iritziz, garai hobeak izan dira, baina hala ere ikasle dexente inguratzen dira Lazkaoko barnetegira. "Abuztuan guztira 120 ikasle inguru pasa dira hemendik", aipatu du. Berrogei pertsona har-tzeko lain leku dute, gutxi gora behera, beraz, hilabete guztian zehar beteta egon da eraikina.

Hala ere, azken urteetan bertara joaten den jende mota aldatu egin da, Urdangarinen iritziz. "Orain lehen baino jende helduagoa etor-tzen da", kontatu du. Baina ez da hori denborarekin jasan duten aldaketa bakarra. Gaur egun, euskara online ikasteko aukera eskaintzen dute eta ordenagailu gela bat ere badute. Gainera, horrela muga fisikoak alde batera uzten dira eta atzerritarrei ere euskara ikasteko aukera ematen zaie.